Atzo eguerdian Donostiako metroaren obretan izan zen zuloa dela eta, dozenaka lagun elkartu dira gaur Londres hotelaren inguruetan. Lurra zulatzen duzue zuen poltsikoak betetzeko lelodun pankartaren atzean elkartu dira, «metroari ez» oihu artean. Deitzaileek salatu dute Donostiako metroaren obretan «donostiarren dirua xahutu, natura hondatu eta bizilagunen eta langileen bizitzak arriskuan jartzen» ari direla, eta obra hori «inposatu» egin zaiela.
Mikel Alvarez metroaren eraikuntzaren aurkako Satorralaia mugimenduko kideak salatu du atzo gertatutakoa ez dela zerbait berria: «Donostian sustatzen ari diren hiri eredu erasokorraren adierazpena da atzokoa. Baina bizilagun askok salatu dute izan dituztela arrakalak etxean, lur azpian ur jarioak daude belaunetaraino...». Bide beretik jo du June Iartza kideak ere: «Duela asko ikusten zen arazoak egongo zirela, baina atzo argi gelditu zen gure bizitzak arriskuan daudela».
Eneko Goia alkatea eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapia Londres hotelean egon dira. Alkateak bizkarra eman die manifestariei, baina haiekin bilduta zeuden bizilagunek txalo artean jaso dituzte. Izan ere, kanpoan protestan ari ziren bitartean, barruan adierazpen ofizialak egiten ari ziren. Euskal Trenbide Sarearen obra arduradunak azaldu du prozedura aldatuko dutela, baina ezin dutela ziurtzat jo lur azpian nolakoa den egoera.
Dozenaka dira elkartutakoak. Londres hotel parera doaz. Eneko Goia alkatea han da, inguruko bizilagunekin. Auzotarrak txaloka, Goia bizkar emanda. @berria@satorralaiapic.twitter.com/OxN5oVunlI
— Maider Galardi F. Agirre (@MaiderGalardi) June 6, 2020
Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan lanean ari zirela egin zen zuloa atzo: eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu da, eta zulo bat sortu da zimenduetan. Jose Mari Gutierrez lanen zuzendari teknikoak azaldu duenez, 120 metro harago egiten ari diren tunel baten ondorioz gertatu da aurreikusia ez zeukaten ezbeharra. Ondorioz, «zuhurtziaz», Zubieta kaleko 8. eta 10. zenbakiak hustu egin zituzten atzo, baita haiei itsatsita dagoen Londres hotela eta Hegalak kirol zentroa ere. Londres hotelean eta 10. eraikinean ez da kalterik izan, jakinarazi dutenez. 8. zenbakiko bizilagunek kanpoan pasatu behar izan dute bart gaua, hotel batean. «Erabat ziur egon arte, ez da bueltatu ahal izango», azaldu du Eneko Goia alkateak.
Lanak eteteko eskaera
Satorralaia mugimenduak salatu du Jaurlaritzak ez duela «inongo azterketarik egin metroaren obrek hiriguneko eraikinetan sorturiko kalteen inguruan», eta lanak eteteko eskatu du. Donostiako EH Bilduk ere lanak gelditzeko eskatu du, «donostiarren segurtasunagatik»: «Obrekin lotutako istripuen enegarren kapituluan gaude».