KORTXOENEA

Donostiako udal gobernuaren borondate falta salatu dute Kortxoeneko kideek

Azaldu dute udal gobernuarekin izan dituzten bilerak "antzuak" izan direla.

Udal gobernuak negoziatzeko borondaterik ez duela kexatu dira Kortxoeneko kideak. KORTXOENEA
2016ko otsailaren 25a
07:54
Entzun

Sei hilabete igaro dira Groseko Kortxoenea gaztetxea hustu eta bota zutenetik. Hilabeteotan, zazpi bilera izan dituzte udal gobernuko Miren Azkarate eta Iñaki Gurrutxagarekin, eta bilera horien ondorioen berri eman dute Kortxoeneako kideek. Udal gobernuaren borondate falta salatu dute, eta bilera antzuak izan direla azaldu dute.

Gaztetxea eraitsi eta berehala aurkeztu zioten Zemoria kaleko eraikina hiriko eragile kultural, sozial eta herritarren tokia izateko proposamena. Parte hartze prozesu bat abiatu zuen Kortxoeneko asanbladak, autogestioan oinarritutako proiektuen bilgunea osatzeko.

Maddi Juanikorena eta Ane Balzola Kortxoeneako kideek esan dute, argi esan dietela ez direla Zemoria kaleko eraikina herritarrei irekitzera konprometituko. Lanbide Heziketako ikasketa batzuk hasiko dituztela esan diete, eta hori lehenetsiko dutela. Bilera gehiago egiteko aukera zabalik geratu zen arren, gehiago biltzeko asmorik ez dutela azaldu dute, uste dutelako ez dutela fruiturik emango.

Ekainean “udal gobernuarekin ala gabe” Zemoria kaleko eraikinean sartuko direla iragarri dute: “Herritarrona dena herritarrei eskaintzeko hautua egina dugu aspalditik, eta kapitalaren kulturaren aurrean herritarrok eraikitako Donostia berri baten alde lanean jarraituko dugu”.

Kortxoeneko asanblada Groseko auzo elkartean biltzen da egun. Beraiek ez ezik, Kortxoenearen barruan lanean ari ziren hainbat elkarte eta eragile ere elkartzeko lekurik gabe geratu direla salatu dute, “Donostia Europako Kultur Hiriburu den urtean”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.