Donostiako udalbatzako gehiengoari eta Eusko Jaurlaritzari entzungor egin die EAJk. EH Bilduren ekimenez, eta PSE-EEren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren babesarekin, Donostiako Etxegintzaren ezohiko administrazio kontseiluan eztabaidatu zuten atzo udalaren jabetzako bi lursail Eusko Jaurlaritzari lagatzea. Orube horiek Ibaeta auzoko Infernua eremuan daude, eta alokairuko 270 etxe babestu eraiki ahalko lirateke bertan, Jaurlaritzaren arabera.
Jon Insausti alkateak, ordea, adierazi zuen bere asmoa dela «Donostiako erdiko klasearen beharrei azkar erantzutea», eta partzela horiek Jaurlaritzari emateak helburu hori atzeratuko lukeela. Ondorioz, promotore pribatuek eraikiko dituzte etxebizitzak lursail horietan.
«Nire asmoa da erdiko klaseko donostiarren beharrei azkar erantzutea»
JON INSAUSTI Donostiako alkatea
Insaustik gogorarazi zuen Donostiako Udalari dagokiola hirigintzaren arloko erabakiak hartzea, «eta ez Jaurlaritzari». Dena den, gaia «patxadaz» hartzeko eskatu zuen: «Pausoak emango ditugu. Baina gauzek beren denbora behar dute, eta aztertuko dugu».
Jaurlaritzak gaur erantzun du. Ohar batean, kontatu du ez duela Donostiako Udalaren kontsulta formalik jaso, baina, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak aurreratu zuen moduan, «jarduketa hori garatzeko prestasun osoa» duela: «Alokairuko 270 etxebizitza babestu eta tasatu eraikiko lirateke, gutxi gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizitegi tentsiorik handiena duen udalerrian. Horrek egitasmo hori lehentasunezko bihurtzen du guretzat».
«Proiektu horrek berebiziko garrantzia izango luke, hirian dagoen eskari handia arintzen lagunduko lukeelako»
EUSKO JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA SAILA
Jaurlaritzak eta Visesak maiatzaren 13an onartuko dute 2027rako programa, eta Etxebizitza Sailak ziurtatu du garaiz daudela sustapen hori programa horretan txertatzeko. Beraz, iradoki du epeak ez direla arazo iturri: «Loiola auzoko Lorategi Hiria gunean egingo diren etxebizitzen pareko epeekin gauzatu daiteke Infernukoa». Insaustiren adierazpenei buruz, Jaurlaritzak argitu du lursail publikoak Jaurlaritzari uztea edo enpresa pribatuei saltzea afera politikoa dela, ez hirigintzaren arlokoa.
Azkenik, adierazi du udalaren erabakiaren ondorioz aukera handi bat galduko dela Infernuko partzeletan alokairuko etxebizitza publikoen sustapen handi bat garatzeko: «Proiektu horrek berebiziko garrantzia izango luke, hirian dagoen eskari handia arintzen lagunduko lukeelako, batez ere Donostiako gazteen artean».
Oso albiste txarra
Lursailak Jaurlaritzari uztea proposatu duten taldeetako bozeramaileek atzo egin zituzten adierazpenak. EH Bilduko Ricardo Burutaranek, esaterako, esan zuen aukera galdu dutela Infernuan eraikiko diren etxe guztiak alokairu publikokoak izateko: «Guretzat pena izan da udalbatzako gehiengoak proposatutakoa aurrera atera ez izana».
Jaurlaritzaren asmoen jakitun zen Burutaran —«Etxebizitza sailburuak duela gutxi esan zuen udalak baloia pasatzen bazien prest zeudela partida jokatzeko»—, eta, horregatik, ez daki zer den EAJri gustatu ez zaiona, «alokairuko etxeak izatea edo etxebizitza tasatuen eraikuntza promotore pribatu bati ematearen ohiko eskema haustea».
«Badakigu gaur egun 350.000 eurotik gorako prezioetan saltzen direla etxebizitza tasatuak»
RICARDO BURUTARAN EH Bilduko zinegotzia Donostiako Udalean
Burutaranek azaldu du ezen, etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak sustatu izan balitu, tasatuak eta babes ofizialeko alokairukoak izango liratekeela: «Aldiz, promotore pribatu batek egiten baditu, tasatuak erosketa erregimenekoak izango dira, eta badakigu gaur egun 350.000 eurotik gorako prezioetan saltzen direla horiek. Horrek ez dio erantzunik ematen dagoen beharrari, eta oso albiste txarra iruditzen zaigu».
Ildo beretik jo dute Elkarrekin Ahal Dugu-ko Victor Lasak eta PSE-EEko Ane Oiarbidek. Lasak adierazi du «erakunde publikoak interes pribatuen zerbitzura jartzen dituen ereduaren beste erakusgarri bat» dela EAJren ezezkoa. Oiarbidek ere erabakia gaitzetsi du: «Bi lursailetako baten jabetza esku pribatuen esku geratuko da, bertan ez da alokairuko etxebizitza publikorik eraikiko, eta, gainera, udalak lau milioi euro inguru ordaindu beharko ditu».