24 udal langile eta kargudun publiko izan ziren frankismoaren biktimak Donostian, eta horien aldeko kereila bat aurkeztuko du orain udalak. Udal Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialeko lantaldeak egindako ikerketaren ondorioak dira. Besteak beste, «eskubide urraketak jasan» zituztela eta «heriotza eragin» zietela jaso du txostenak.
Udalak adierazi duenez, lortu du udal langile eta kargudun publiko horien hainbat familiarekin harremanetan jartzea, eta jakinarazi die euren senideen eskubideak «aitortzeko» eta «berrezartzeko» asmoa duela.
Eneko Goia alkateak esan du hiriko memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin egin dutela, orain dela urteak hasitako bideari jarraituz, eta azpimarratu du Donostian memoria historikoaren arloan hainbat ikerketa egin direla: «Hiriko historian garrantzi handia izan zuen denboraldi bat gogora ekarri eta ezagutzera emateko pausoak ematen ari gara».
Horrez gain, udalak jakinarazi du, «ikusita beharrezkoa dela», gaian aditua den abokatu bat kontratatu duela Tokiko Gobernu Batzordeak kereila aurkezteko eta defendatzeko asmoz.