Donostiako Miramar kalean plaka bat ezarri du udalak, 1978an ETAk hildako Diego Fernandez-Montes koronel erretiratua oroitzeko. Udalaren giza eskubideen batzordeak jorratu duen lan ildoan sartzen da plaka hori ezartzea, 36.a baita. Hirian motibazio politikoko beste hainbat hildako oroitzeko plakak ezartzea hitzartu zuten, eta bide horretan segituko dutela esan du Eneko Goia alkateak, alkate moduan egin duen gisa horretako azken agerraldian. Izan ere, urriaren 16an kargua utziko duela iragarri zuen ostegunean. «Baina plaka gehiago egongo dira: hiriak segituko du ekinaldi honekin, beharrezkoa eta positiboa delako».
Fernandez-Montes Espainian jaioa zen, bederatzi seme-alaba zituen, eta infanteriako koronel erretiratua zen, baina lanean segitzen zuen Espainiako Gobernuak Donostian zuen ordezkaritza batean. 63 urte zituela hil zuen ETAk, 1978an.
Ekitaldian, haren senideek hartu dute parte. Baita erakundeetako ordezkaritza zabalak ere: Eneko Goia alkatea eta Jon Insausti alkategaia, eta PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemoseko udaleko ordezkariak izan dira, EH Bildukoak salbu. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Ainhoa Zugasti Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolakuntzako diputatua ere bertan izan dira.
Bertaratutakoek arrosa zuriak jarri dituzte plakaren gainean. Senideek, hitza hartu dutenean, eskertu egin dute beren aita gogoratzea eta hura hiltzea «bidegabekeria» izan zela aitortzea. Goiak, hitza hartu duenean, berretsi egin du senideek esandakoa: «Birbilobak ikusten ditudanean, espero dudana da ez dezatela ahaztu eta gogora dezatela nor izan zen beren birraitona eta zer gertatu zen, berriz ere gerta ez dadin».