Udal eta foru hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du Plaz alderdiak Donostian. Josebe Iturrioz da zerrendaburua, eta "politika feministak" aldarrikatu ditu administrazioa "parte hartzaileagoa eta gardenagoa" izan dadin.
Donostiako Udalak "aurrekontuaren %0,1 inbertitzen du berdintasunean", Iturriozek esan duenez. Haren ustez, horrek esan nahi du ez duela "nahikoa tresna" ezartzen "eredu androzentriko ustez neutralari" aurre egiteko.
Aurrekontuak "genero ikuspegiarekin" egitearen alde jardun du, eta azaldu Plaz-en "lehentasuna pertsonen bizitza politikaren erdigunean kokatzea" dela.
Alderdiaren helburua "gizarte justuago bat" eraikitzea dela nabarmendu du Iturriozek, "hierarkia gutxiagokoa, eta hori ondasun komuna da, ez soilik emakumeen kontua".