Aranzadi Zientzia Elkarteak duela hainbat urtetik zituen usteak baieztatu ditu: orain dela 25.000 urteko ehiztari biltzaileek gaur egun Donostiako Ametzagainan dagoen muinoa hartu ohi zuten aldi baterako bizilekutzat. Hori horrela, Donostia inguruan orain arte aurkitu diren giza okupazioaren arrastorik zaharrenak dira.
Journal of Anthropological Research aldizkarian argitaratu berri dute Aranzadiko kideek idatzitako artikulua.
Ametzagainako aztarnategiko lehen arrastoak Paco Barrio Aranzadiko bazkideak aurkitu zituen, ezustean, 2005ean. Aranzadi Zientzia Elkartera jo zuen Barriok, eta Aranzadik Donostiako Udalera jo zuen indusketetarako eta ikerketarako laguntza eske.
Ikerketa lanetan aritu direnean, industria litikoari dagozkion piezak berreskuratu dituzte; hau da, harriz egindako piezak.