Durako ikastolako zenbait ikaslek salatu dute sexu erasoak egin zizkietela ikasturte amaierako bidaian

Ertzaintza eta Guardia Zibila ikertzen ari dira ea neskei substantziaren bat bota ote zieten edarian. 18 eta 39 urte arteko zenbait gizon identifikatu dituzte.

Ikasbidea ikastola, Duran. IREKIA
Ikasbidea ikastola, Duran. IREKIA
Ion Orzaiz.
2026ko maiatzaren 8a
08:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durako Ikasbidea Ikastola ikastetxe publikoko zenbait ikaslek (Araba) salatu dute sexu erasoak egin zizkietela ikasturte amaierako bidaian. Mediterraneoan zeharreko itsas bidaldi bat kontratatua zuen DBHko 4. mailako taldeak, eta hark iraun bitartean gertatu ziren erasoak. Hamar bat ikaslek salaketak jarri dituzte, eta peskizak abiatu dituzte hala Ertzaintzak nola Guardia Zibilak. Sumisio kimiko bidezko eraso bat izan ote zen ikertzen ari dira. Ikasleek 15 eta 16 urte artean dituzte.

Bartzelonako portuan hasi eta hantxe bukatu zen bidaia, lau egun geroago. Adingabeen arabera, beste bidaiari batzuek alkohola eta drogak eman zizkieten, eta ukituak egin zizkieten, neskek konortea erdi galdua zutela aprobetxatuz. El Correo berripaperaren arabera, Ertzaintzak eta Guardia Zibilak zortzi gizonezko identifikatu dituzte susmagarri gisa: 18 eta 39 urte artekoak dira denak, eta bidaia hasi aurretik ez zuten inongo harremanik ikasleekin.

Polizia ikertzen ari da ea gizon horiek substantziaren bat bota ote zuten ikasleen edarietan, sumisioa lortzeko. Orain.eus agerkariaren arabera, hamar salaketa tramitatu dituzte orain arte: zortzi Ertzaintzaren komisarian eta bi Guardia Zibilaren Bartzelonako kuartelean.

Adingabeek berehala eman zieten gertatutakoaren berri bidaiaren arduradunei, eta, horri esker, ustezko egileetako batzuk identifikatu ahal izan zituzten itsasontzian bertan. Bartzelonara iritsita, erasoa sufritutako neskak ospitalean artatu zituzten, kontsumitutako substantziak identifikatu ahal izateko. Analisi horien emaitzen zain da Polizia.

Bartzelonako Guardia Zibila ari da gertatutakoa ikertzen, eta Bartzelonako Guardiako Epaitegira bidali du kasua. Orain arte, deklarazioa hartu diete zenbait adingaberi eta ontzian zihoazen lekuko batzuei. Segurtasun kamerek jasotako irudiak ere eskatu dizkiote gurutzaontziaren jabeari, egun horietan zer gertatu zen argitze aldera.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA