DYA elkartea larrialdiko osasun garraioko zerbitzutik kanpo utzi du Eusko Jaurlaritzak. Osasun Sailak lehiaketara atera zuen zerbitzua, eta gaur eman du emaitzaren berri. Gurutze Gorriak segituko du zerbitzu publiko hori ematen, baina DYAk ez, Jaurlaritzako iturriek BERRIAri aurreratu diotenez. Espainiako bi enpresa hasiko dira zerbitzu ematen: Iscan eta Ambuiberica. Honakoa izango da banaketa:
1. Gurutze Gorria: Gasteiz, Donostia, Tolosa, Arrasate, Hondarribia, Elgoibar, Portugalete, Gernika, Mungia.
2. Ambuiberica: Bilbo, Barakaldo, Santurtzi, Getxo, Leioa, Basauri, Durango, Galdakao, Zornotza, Muskiz, Bermeo, Zalla, Plentzia, Sodupe, Lekeitio, Ondarroa, Bakio.
3. Iscan: Zorrotza, Bilbo.
DYA zerbitzutik kanpo geratu da. Zuzendaritzak presazko bilera egingo du arratsaldean, egoera aztertzeko eta zer neurri hartu erabakitzeko. Elkarteko iturriek BERRIAri aurreratu diote erantzunen bat izango dela: "Ez gara besoak gurutzatuta geratuko". Asteon, boluntarioen artean zabaldu da mobilizazioren bat antolatzeko asmoa ere. Ez dute ezer baieztatu oraindik, hala ere.
Sindikatuen jarrera ere ikusteko dago. Lehiaketara prezio merkeagoetan aurkeztu ziren Espainiako enpresak, eta kezkaz dira langileen ordezkariak. Iñaki San Andres, ELAko ordezkaria, herenegun: «Erkidegoko lan hitzarmena hartu beharrean, euren lan hitzarmen propioa ezarri nahi dute». Langileen eskubideetan atzerapausoak izango liratekeela ohartarazi duen. Lansariak ere, behera: «Soldata jaitsiko liekete. Gehienez 800 euro kobratzera pasatuko lirateke».