Nafarroa

EA eta Aralar elkarrekin aurkeztuko dira 2011n, Nafarroa Bai bezala

EAJren eta Batzarraren erantzunen zain daude eta, oraingoz, ez dute ikusten ezker abertzalea barruan. Akordioaren arabera, NaBai "ezkerreko, aurrerakoi eta abertzale" bezala definitu da.

2010eko apirilaren 30a
17:58
Entzun
EAk eta Aralarrek gaur jakinarazi dute 2011ko Nafarroako udal eta foru hauteskundeetan elkarrekin aurkeztuko direla, 'Nafarroa Bai' izenarekin. 2007an EAJ eta Batzarre ere izan ziren koalizioan baina, oraingoz, hurrengo urterako horien parte-hartzea ez dago lotuta. Bien erantzunen zain daudela agertu dute Aralarrek eta EAk.

Maiorga Ramirez EAko Nafarroako arduradunak adierazi du, oraingoz, ez dutela ezker abertzalea koalizio barruan ikusten eta honek ere ez duela, itxuraz, asmo handirik NaBain egoteko.

Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak eta Ramirezek aurkeztu dute bi alderdien akordioa gaur, Iruñean. Hitzarmenak arlo politikoa, programatikoa eta antolakuntzakoa jasotzen ditu. Aralarreko eta EAko beste zenbait kide ere izan dira aurkezpenean.

Jimenezek azaldu duenez, Nafarroa Bai "ezkerreko, aurrerakoi eta abertzale" bezala definitu da, eta "erronka izango da Nafarroa zuzentzeko UPNrekin lehiatzea". Horregatik, akordioa oso garrantzitsua dela esan du, alde batetik, "sinatu diren agiriengatik", eta, bestalde, "koalizioko bi alderdi handienak" direlako Aralar eta EA. Hala ere, itunean EAJ eta Batzarre koaliziora berriro biltzeko asmoa dagoela esan du Jimenezek.

Ramirezek adierazi du Aralarrekin lortutako ituna dela Nafarroako aldaketa politikorako "atzerako kontaketa". "Nafarroa Bairena da aldaketa politikoa gauzatzeko ahalmen politiko eta morala duen proiektu bakarra".

Zerrenden egituraketa eta atentatuen gaitzespen eredua zehazteke

Agerraldian ez dute azaldu nola egituratuko dituzten 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak. Ramirezek esan duenez, Aralarren eta EAren arteko negoziazioak "lanketa politikora" bideratu dituzte, baina "oinarrizko aldaketarik ez badago" 2007an hitzartutako berbera izanen da. Orduan, Aralarrek Nafarroako Gobernuko presidentetzarako hautagaia izendatu zuen -Patxi Zabaleta Aralarreko kidea- eta EAk Iruñeko alkatetzarakoa -Uxue Barkos independentea-.

ETAren atentatuen gaitzespen agiriei atxikimendua adieraztean, berriz, Nafarroa Bain eztabaida sortu izan du Espainiako poliziei babesa agerrarazi behar izateak. Horren inguruan Jimenezek esan du "eztabaida prozesuan" daudela alderdiak, baina ez dela hori izango Nafarroa Bain akordioa erdiesteko "oztopoa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.