Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gobernu akordioak eta koalizioak (V). 2001-2009. Juan Jose Ibarretxe.

EA eta EB, birritan bidelagun

VII. eta VIII. legealdietan EAJk irabazi zituen hauteskundeak, eta Ibarretxe lehendakariak gutxiengoan agindu zuen bietan, EA eta EBrekin egindako hiruko koalizioarekin.

EA eta EB, birritan bidelagun.
edurne begiristain
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina gogor baten ondoren, EAJ-EA koalizioak irabazi zituen Eusko Legebiltzarrerako 2001eko hauteskundeak —botoen % 42,7 eta 33 eserleku lortu zituen—, eta 2001eko ekainaren 12an, bigarrenez hautatu zuten Ibarretxe lehendakari, EB-IUren babesarekin.

Boz horiek tentsio betean egin ziren, PPko Jaime Mayor Orejak eta PSE-EEko Nicolas Redondo Terrerosek osatutako tandemaren eta Ibarretxeren arteko plebiszitua balira bezala. Ibarretxek irabazi zuen lehia hori, baina ez zuen erraza izan gobernatzea.

Euskal Herritarrok-ek behera egin zuen neurri berean egin zuen gora EAJ-EA koalizioak hauteskunde horietan, eta Ibarretxek bere ibilbide politikoko garaipen handiena erdietsi zuen orduan: 600.000 boto eta 33 eserleku; Ezker Batuak 3 eserleku lortu zituen; PPk 19, PSE-EEk 13, eta Euskal Herritarrok-ek 7.

EAJ-EA koalizioaren babesarekin ekin zion Ibarretxek gobernatzeari, baina hilabete gutxiren buruan EB-IU sartu zen gobernura. Eusko Jaurlaritzako gobernu programaren lehentasuna bakea eta autogobernua izango zirela hitzartua zuten EAJk eta EAk aurretik, eta EB-IU gobernuan sartzeak, berriz, gizarte politiketan sakontzea eragin zuen.

Maiatzaren 13ko hauteskundeetako emaitzak jakinarazi zirenetik, denen buruan zegoen EAJ, EA eta EB-IUren arteko balizko itun bat.

Elkarrizketa prozesua abiatu zen, baina uda aurretik Javier Madrazoren alderdiak bertan behera utzi zituen, EAJk eskainitakoarekin ados ez zeudelako. Ez zen soka eten, ordea, eta, azkenean, hitzarmena lortu zuten. EBren eskakizun nagusien artean, gizarte soldata handitzea zegoen. Alderdien arteko oztopo nagusia, hala ere, AHTa izanik, erdibideko irtenbidea erdietsi zuten hiru alderdiek: ez zen proiektua abiatuko Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Adierazpena kaleratu arte.

Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean izango zuen babesa handitu zen akordio horren ondorioz. Halere, Ibarretxeren gobernuak ez zuen gehiengo osorik —36 eserleku zituen—, baina modu batean ala bestean lortu egin zuen aurrekontuak ateratzea: 2002an Sozialista Abertzaleak taldea —ezker abertzalea legez kanpo utzi ostean legebiltzar taldeak hartutako izena— abstenitu egin zen zenbait diru sailetan, 2003an Mayor Oreja ez zen garaiz iritsi bozkatzera, eta 2005ean PSE-EEko legebiltzarkide batek huts egin zuen bozketan.

Legegintzaldi horretako ekimenik aipagarriena Estatutu Politikorako Proposamena izan zen: 2003ko irailaren 26an aurkeztu zuen Legebiltzarrean, eta 2004ko abenduan oniritzia eman zion, Sozialista Abertzaleen sei legebiltzarkideetatik hiruk alde bozkatu izanari esker. Espainiako Gorteek atzera bota zuten proposamena, eta horrek ataka zailean utzi zuen Ibarretxe, eta bozak aurreratzea erabaki zuen.

Lopez aurkari

2005eko apirilaren 17an egin ziren zortzigarren legealdiari zegozkion hauteskundeak. Lehendakaritzara heltzeko bidean bi hautagai nagusitu ziren: Patxi Lopez PSE-EEkoa eta Juan Jose Ibarretxe EAJ-EA koaliziokoa. Batak lehen aldia zuen, eta besteak, hirugarrena.

Ibarretxek irabazi zuen, baina botoak galduta: EAJ-EA koalizioak aurreko hauteskundeetan baino emaitza okerragoak lortu zituen, 29 legebiltzarkide erdietsita. EBk hiru eskuratu zituen, PSE-EEk 18, EHAK-k 9 eta Aralarrek bat.

2005eko ekainean, Ibarretxe izendatu zuten lehendakari: EAJ, EA eta EBren 32 botoak ez ezik, EHAKren bi boto ere izan zituen alde. Aurreko legealdiko hiruko gobernuaren formulari eutsi egin zion Ibarretxek, eta gutxiengoan egon zen legealdi osoan.

Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko ekimena aurkeztu zuen lehendakariak legealdi horretan, eta 2008an legebiltzarrak herri galdeketarako legeari bide eman zion, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen.

Zapuztutako bide orriaren itzalpean amaitu zuen Ibarretxek bere azken agintaldia izango zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.