1968. eta 1978. urteen artean Poliziak eragindako biktimak artatzeko Eusko Jaurlaritzak landu duen dekretuaren zirriborroa «aurrerapausoa» da, baina «oso motz» geratu da, Eusko Alkartasunaren legebiltzar taldearen ustez. Juanjo Agirrezabala legebiltzarkideak esan du Jaurlaritzaren dekretua ez dela nahikoa, hainbat «gabezia» dituelako. Horiek zuzentzeko asmoz, 21 alegazio aurkeztu dizkio zirriborroari.
Alegazioen edukiak jakinarazi ditu Agirrezabalak prentsaurrekoan. Azaldu duenez, «justifikaezina» da Jaurlaritzak bi dekretu egin izana giza eskubideak urratu diren epearen arabera, eta dekretu bakarra egitea proposatu du. «Giza eskubideen urratzeak ezin dira sailkatu diktadura edo sistema demokratiko batean gertatu direlako. Eraso berdina izanik, biktima guztiek aitortza berbera merezi dute». Jaurlaritzak landu berri duen lehen zirriborroa 1968. urtean hasten da, baina EAk ez du ongi ikusten hori. Epe muga hori «baztertzailea» dela iritzi dio, eta uste du egokiagoa dela dekretuak 1960. urtetik aurrerako kasuak jasotzea, Terrorismoaren Legeak zehazten duen moduan.
Horrekin batera, Agirrezabalak salatu du dekretuak ez duela jasotzen estatuak giza eskubideen urratzeetan izan duen «erantzukizuna». Halaber, Jaurlaritzak biktima horiei «ordaina, egia eta justizia» aitortzeko legea garatzeko konpromisoa hartu beharko lukeela iritzi dio. Bestalde, dekretuan iragartzen den Balorazio Batzordea «erabat independentea» izatea eta Jaurlaritzarekiko «lotura organikorik»ez izatea eskatu du EAkoak.
EA: «Poliziaren biktimen dekretua motz geratu da»
Jaurlaritzak egindako dekretuaren zirriborroari 21 alegazio aurkeztu dizkio Juanjo Agirrezabalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu