EAJ, PSE-EE, PP, EB, eta EAk EAE-ANVko alkateen eta zinegotzien dimisioak eskatzeko mozioak aurkeztuko dituzte aurki, hauek ETA ez gaitzesteagatik. Lehendabizi, Arrasateko udaletxean aurkeztuko dute -EAJk eta PSE-EEk atzo erregistratu zuten mozioa-. ANVkoek dimisioak ez emanez gero, ondoren etorriko lirateke zentsura mozioak, Arrasatetik (Gipuzkoa) hasita, baina kasuak banan-banan aztertuko dituzte. Aralarrek, berriz, ongi ikusi du ANVri gaitzespena eskatzea; ez, ordea, dimisioak eskatzea. Gehiengo osoa behar da zentsura mozioa gauzatzeko.
ETAren azken agiria ez salatzeagatik ANVkoen dimisioak eskatzea hitzartu zuten herenegun EAJ eta PSE-EEk, eta gaur hori oinarri hartuta bilera egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, bertako alderdiek, EHAK-k izan ezik -ez dute gonbidatu-.
Arrasaten PSE-EEk izango du zentsura mozioaz beste alderdiekin hitz egiteko eta babesa lortzeko ardura, gaur bileran erabaki dutenez. EAJ eta PP mozioaren alde azaldu dira. EA ere bai, baldin eta denek babesten badute. EBk gaur ontzat jotzen du zentsura mozioa aurrera eramatea, baina Arrasateko EBk zer egingo duen ikusi beharko dela adierazi du. ANVk zazpi hautetsi ditu Arrasaten, EAJ eta PSE-EEk launa, EB-Zutik-ek hiru, eta bana EA, PP eta Aralarrek. Han 11 boto behar dituzte zentsura mozioa gauzatzeko.
ANVk gobernatzen duen beste herrietan EAJ, PSE-EE, PP, EB, EA eta Aralarren artean bozkatuenak izango luke zentsura mozioa aurkeztu ahal izateko besteen babesa lortzeko ardura. Dena dela, EA ez dago mozio horiek Arrasatetik kanpo gauzatzearekin ados.
Martxoaren 7an ETAk Isaias Carrasco PSE-Eko zinegotzi izandakoa hil zuen Arrasaten (Gipuzkoa), eta gero PSE-EEk Ino Galparsoro (EAE-ANV) hango alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkeztu nahi izan zuen. EAJ ez zen ados azaldu, eta ekimena ez zen gauzatu. Hurrengo egunean aurkeztu zuen EAJk bere ekimena.
Politika
EAE-ANVko alkateen kontrako zentsura mozioak herriz herri aztertuko dituzte beste alderdiek
Lehendabizi, haien dimisioak eskatuko dituzte, ETA ez gaitzesteagatik. Arrasaten hasiko dira, eta han PSE-EEk izango du zentsura mozioa aurkeztu ahal izateko besteen babesa lortzeko ardura. EA ez dago zentsura mozioak Arrasatetik kanpo gauzatzearekin ados.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu