Politika

EAE izan zen iaz tortura salaketa gehien izan zituen autonomia erkidegoa

Denera, 97 tortura salaketa izan zirela dio Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak (CPT). 2007an, Katalunia izan zen salaketa gehien izan zituena. "Tortura saihesteko bideo kamerak komisari guztietan ezartzea eta lehenbailehen atxilotua epailearen aurrera eramatea" beharrezkoa dela adierazi du batzordeak.

2009ko martxoaren 13a
19:12
Entzun
Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak (CPT) Espainian 2008an izandako tortura kasuei buruzko agiria kaleratu berri du eta, bertan dioenez, EAE da iaz tortura salaketa gehien izan zituen autonomia erkidegoa. Denera, 97 salaketa izan zirela dio agiri horrek. 2007an, Katalunia izan zen zerrendan lehena.

EAEren ondoren Andaluzia (82 salaketekin), Madril (61ekin) eta Katalunia (45ekin) datoz, hurrenez hurren.

Mauro Palma batzordeko lehendakariak eta Jorge del Cura Espainiako arduradunak Katalunian izandako tortura kasuen beherakada azpimarratu dute. Erakunde horrek 53 tortura salaketei eman zien sinesgarritasuna iaz. Hain justu orduan Generalitateak bideo kamerak jarri zituen komisaria guztietan.

Espainiako Estatuan iaz 520 tortura kasu izan ziren Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen arabera. Halere, beste 140 kasu aztertzen ari dira oraindik eta baliteke kasu berriak gehitzea txostena erabat amaitu aurretik.

Del Curaren ustez, iaz tortura salaketa gutxiago izan baziren ez zen izan salaketa faltsuak murriztu zirelako, baizik eta "kamerak izateak poliziei atzera eginarazten dielako". Mauro Palmak gogorarazi du bideo zaintzako kamerek ez dituztela "torturak guztiz saihesten bestelako guneetan atxilotuak jo daitezkeelako, atxilotzeko unean eta lekualdatzean, kasu". Horregatik, atxilotuak "lehenbailehen" epailearen eskuetara igaro daitezen gomendatzen du, "horrela epaileak bere egoera fisikoa ikus dezakeelako eta atxiloketa baiezta edo ezezta dezakeelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.