Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Azpeitiko Udalaren euskara ordenantza bat, "euskara inposatu eta gaztelera baztertzen" duela uste duelako. Estatu Abokatuak, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren eskariz jarri zuen errekurtsoa eta epaiak arrazoia eman dio.
Udalak dio ordenantzak ez dituela eskubideak urratzen, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka helegitea aurkezteko asmoa azaldu du.
2005eko abenduaren 1ean onartu zuten udalbatzarrean Azpeitiko udaletxean eta udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea helburu duen udal ordenantza, EAJ, EA, PP eta PSE-EEko aldeko botoekin; Habea ezker abertzaleko plataformak ez zuen bozkatu, udal aretoa utzi zuelako aurretik.
Udaleko euskara saileko arduradunek orduan esan zutenez, "euskaraz bizi nahi duenari, eskubide hori bermatzea da udal ordenantzaren helburua" eta, haien ustez, "ordenantzak onartuta aurrerapauso bat eman da euskararen normalizazioaren bidean".
Iñaki Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko katedradunaren gidaritzapean egin zuten Azpeitiko euskararen udal ordenantza. Eta osatzen hainbat legelarik eta adituk parte hartu zuten.
Ordenantzak Osasunean, Justizian eta Poliziarekin, eta leku, kale eta plaza izenak euskaraz izatea ezartzen du. Udakeko langileei, herritarrei zuzentzean, euskaraz egiteko agintzen die.
Horren aurrean, sententziak dio eskumena Euskal Autonomia Erkidegoak duela eta ez Azpeitiko Udalak. Horrez gain, arauak Espainiako Konstituzioan jasotzen diren aginduak eta hainbat lege urratzen dituela.
Azpeitian biztanleen %90ek euskara erabiltzen dutela-eta ordenantzak dio euskara dela "herriko hizkuntza". Horren harira, epaiak zera galdetzen du: "Zer gertatzen da gainerako bizilagunekin, gazteleraz mintzatu nahi duten horiekin, edota Espainiako beste zonalde batzuetatik bertaratzen direnekin? Biztanlego guztia euskaraz mintzatuko balitz ere, horrek ez lioke Udalari gai hori arautzeko ahalmenik emango".
euskara
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Azpeitiko Udalaren euskara ordenantza
"Euskara inposatu eta gaztelera baztertzen" duela uste du auzitegiak eta Udalak helegitea aurkeztuko du. 2005eko abenduan onartu zuen ordenantza Udalak, EAJ, EA, PP eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu