Beste ebazpen judizial bat heldu da administrazio publikoan jarduten duten langileen euskara ezagutza egiaztatze aldera ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra: EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Kabiako hizkuntza eskakizunak baliogabetu zituen epaia. Urrian heldu zen sententzia hori; Donostiako epaitegi batek ebatzi zuen Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» zirela. 2022an onartutako lan deialdi baten kontra egin zuen propio: 54 lanpostu egonkortzeko abiarazi zuten. Oihartzuna izan zuen albisteak, Kabia erreferente izan baita euskararen erabilera sustatzeko neurrietan, sortu zenetik. Urrats aitzindariak egin ditu bidean.
Erakundeak Gipuzkoako hamasei zahar etxe batzen ditu; adinekoen eta mendekotasun egoeran daudenen zaintzaz arduratzen den organismo autonomo bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikita dagoena. Diputazioak berak aurkeztu zuen epaiaren aurkako helegitea, baina atzera bota du orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. EFE albiste agentziak eman du sententziaren berri.
Horiek horrela, oraindik baliogabe dago 54 lanpostu horiek egonkortzeko foru erakundeak abiarazitako prozesua. Erakundeak kudeatzen dituen egoitzetan euskarazko B2 maila eskatzen da lanpostu gehienetan, eta badira B1 maila ezarria dutenak ere. Baliogabetutako deialdian propio 49 lanpostutan ezarri zituzten hizkuntza eskakizunak, eta, lehen sententzia haren arabera, euskararen normalizazioa «maximizatzeko» nahiak langileen eskubideak urratu zituen. Azaldu zuen euskara «gehiegi» baloratzen zela postu batzuetan. «Euskaraz dakiten eta gazteleraz dakiten langileen arteko aldea handia da».
Bi langilek abiarazi zuten propio lan deialdiaren kontrako auzibidea. Eta arrazoia eman zien epaileak: haren arabera, euskara eskakizunek enplegu publikorako sarbidea mugatu zieten biei, aukerak murriztu baitzizkieten. Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 1. salak eman zuen sententzia hori. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak gogoratu du Espainiako Konstituzioak «kontsakratutako» oinarrizko eskubidea dela lanpostu publikoetara aurkeztu ahal izatea. Ezin da hori urratu.
Langile gehienei hizkuntza eskakizunak ezarri gabe ere euskarazko arta bermatzeko moduak badirela argudiatu zuen epaileak lehen sententzian. «Mugikortasunarekin, lekualdatzeekin edo formakuntzak eskainiz ere lor daiteke hori». EAEko Justizia Auzitegiak orain berretsi du administrazioaren egitekoa dela euskarazko arta emateko «langileak antolatzea». Baina horretarako ezin dira langile ia denak euskara jakitera derrigortu.
Protesta
Kontseiluak, ELAk eta LABek deituta, elkarretaratze bat egin zuten lehen sententzia haren kontra. Salatu zuten ebazpena «euskarafoboa» dela, eta zahar etxeetako erabiltzaileen hizkuntza eskubideen kontrakoa. «Euskararen normalizazioaren aurkako erasoa» zela esan zuten, eta halakoak eteteko eta hizkuntza eskubideak defendatzeko eskatu zuten. «Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia hau, zeina oldarraldi judizial geroz eta bortitzagoaren parte baita».
Ingurumari hartan azaldu zuen Gipuzkoako Diputazioko eledun Irune Berasaluzek epaiaren kontra helegitea aurkezteko asmoa, eta kezka azaldu «kateatzen» ari direlako erakundeek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpen judizialak. Tartean Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontrako ebazpen gehiago ere izan dira. 2023ko martxoan, adibidez, Uliazpi fundazioaren kontrako epaia eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Helegitea jarri zuten ebazpen haren kontra ere, baina iazko martxoan jakin zen ez zela aurrerabiderik hor: Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen tramiterako onartu.
Uliazpin propio desgaitasunak dituztenekin lan egiten dute, haiei arta ematen. Kabian artatzen dituzten erabiltzaile asko ere oso egoera zaurgarrian daude, eta hizkuntza eskubideen aldeko eragileek usu gogoratu dute «bereziki larria» dela halako egoeretan dauden pertsonen hizkuntza eskubideak kolokan jarri izana. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere bat egin zuen protestarako deiarekin; «kezkaz eta larritasunez» hartu zuten haiek ere Kabiaren kontrako sententzia. «Herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzea dakar». Lege babesa eskatu zuen mankomunitateak. «Nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze prozesua lege babes sendoz hornitzeko».
Euskalgintzaren Kontseilua ere hori bera eskatzen ari da: arkitektura juridiko sendoago bat euskararen sustapenaren alde. Izan ere, kontrako sententziak metatzen ari dira, eta aurreko urteetan egindako aurrerabideetan atzerapausoak egiten hasi dira zenbait erakunde. Martxoan jakin zen, esaterako, Bizkaiko Diputazioak hizkuntza eskakizunak apaltzeko asmoa duela: lanpostuen erdiei bakarrik ezartzekoa.
Gaur ezagutarazi duten sententzia ez da irmoa. EAEko Justizia Auzitegi Nagusian bertan helegitea jar daiteke, edo Auzitegi Gorenean.