Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 77.352 biztanleri nolabaiteko mendekotasun mailaren bat aitortu diete Mendekotasunaren Legea indarrean jarri eta hiru urte eta erdira; EAEko biztanleen %3,56ri, alegia. Mendekotasun egoera aztertzeko 98.673 eskari jaso dituzte hiru aldundiek, eta horien 94,6% kontuan hartu dituzte. Kopuru horiek legea ezartzerakoan EAEko instituzioek aurreikusi zituztenak baino %41 gehiago dira. Hau da, legeak administrazioari lehendik ere ezagutzen ez zituen 22.808 mendekotasun kasuren berri eman dio.
Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendetasunari Arreta Emateko Legeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen aplikazioa aztertu du EAEko Arartekoak, 2010eko uztailera arteko datuak kontuan hartuta. Legeak aitortzen dizkien zerbitzu edo laguntzen artetik, mendekotasuna duen pertsona familiaren barruan zaintzeko laguntza ekonomikoa eskatzen da gehien. Hamarretik lauk laguntza hori eskatzen dute, legeak hasiera batean beste zerbitzu batzuei lehentasuna eman nahi zien arren.
Datu hori ikusita, zaintzaileak etengabe prestatzeko programak indartu behar direla iradoki dute Arartekoaren txostenean, zaintzaile berri horien beharrei erantzuteko. Babesa eta atsedena eman ahal izateko ekimenak areagotzeko ere eskatu du.
Prozesuak bateratu behar
Pertsona batek mendekotasun legera jotzen duenetik laguntza edo zerbitzua jasotzen duen arteko epea laburtzeko prozesuak laburtzearen alde ere egin du Arartekoak. Askotan hiru pauso ematen dira gaur egun hasieratik bukaerara arte: mendekotasun maila aztertu, dagozkion zerbitzuak onetsi eta zerbitzu zehatza eman. Hortaz, hiru pausoak bateratzeak pertsonarentzako arreta hobea eta azkarragoa izatea ekarriko lukeela ondorioztatu du.
Horrez gain, etorkizuneko beharrak aztertzeko aholkua eman du. Hain zuzen ere, mendekotasuna aitortu zaien hamar pertsonatik zortzi 65 urtetik gorakoak dira, eta etorkizunean are gehiago izan daitezkeela gogorarazi du Iñigo Lamarca arartekoak. Gaur egun EAEko biztanleen %20 inguru 65 urtetik gorakoak dira, baina hamar urte barru %25 izango direla gogorarazi du.
Azpiegiturak etorkizuneko beharretara egokitzeko beharra nabarmendu du, era berean, eta zahar etxeetako gaur egungo egoeraz ohartarazi du. Izan ere, itxaron zerrendak daude zerbitzu horietan sartzeko. «Ez dira itxaron zerrenda kezkagarriak, baina bai kontuan hartzekoak».
Azkenik, erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia ere gogorarazi du, gizarte laguntzen sistemak eta osasun sistemak elkarrekin lan egin behar baitute. Bestalde, legearen garapenaren zati handi bat aldundien menpe dagoela gogorarazi du, eta horrek lurraldeen artean desorekak eragin ditzakeela azaldu du. EAEko Gizarte Zerbitzuen Legea garatzean desorekak saihesteko tresnak egongo direla aurreratu du.
EAEko biztanleen %3,5i nolabaiteko mendekotasun mailaren bat aitortu diete
Laguntzak emateko prozedurak bateratzeko eskatu du Arartekoak, baita etorkizuneko beharrak aztertzeko ere

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu