EAEko emakumeen erdiek jasan dute indarkeria matxista

Eusko Jaurlaritzak emakumeen kontrako indarkeriari buruzko inkesta bat egin du, bai bikote harremanen barruko indarkeriari buruzkoa, bai kanpokoari buruzkoa. 4.500 emakumeri galdetu diete jasan duten indarkeria matxistaren inguruan.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko mobilizazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko mobilizazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jakes Goikoetxea - Olatz Silva Rodrigo
2025eko uztailaren 18a
11:15
Entzun 00:00:0000:00:00

%48,2. Bitik bat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen erdiek indarkeria matxista motaren bat —fisikoa, sexuala edo psikologikoa— jasan dute noizbait, bikote harremanean edo bikote harremanetik kanpo.

Hamar emakumetik hiruk (%29,4) noizbait indarkeria motaren bat jasan dute bikote harremanean; %13,5ek, indarkeria fisikoa —mehatxuak barne—; hamarretik hiruk (%28,6), indarkeria psikologikoa; %12,1ek bikotekide ohiren baten indarkeria pairatu zuten, edo pairatzen ari dira gaur egun; %8,3k sexu indarkeria jasan dute; hamarretik batek beldurra izan dio bikotekideari edo bikotekide ohiari. Lautik batek laguntza eskatu du.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen erdiek jasan dute indarkeria matxista

Bikote harremanetik kanpo, emakumeen %15,7k jasan dute indarkeria fisikoren bat, mehatxuak barne. Lautik batek (%26,1), sexu indarkeria.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen kontrako indarkeriaren argazkia da, bikote harremanen barrukoa eta bikote harremanetik kanpokoa. Eusko Jaurlaritzak iaz egin zuen inkesta. 16 eta 85 urte arteko 4.500 emakumeri galdetu zien. Gaur aurkeztu dute, Bilbon, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Jorge Aramendi saileko estatistika organoko teknikoak. «Arazo horren garrantzia neurtzeko eta emakumeek edozein eremutan —publikoan zein pribatuan— jasaten dituzten indarkeria moten maiztasunei buruzko datuak biltzea du helburu inkestak», zehaztu du Aramendik.

Datuak aztertuta, lehen ondorio orokorra argi utzi du Elgarrestak: «Datuek berresten dute indarkeria matxista egiturazkoa dela; inolako zalantzarik gabe, gainera. Eta benetako dimentsioa erakusten digute: eremu guztietan dago, era guztietako emakume eta gizonen artean». Horrez gain, adierazi du indarkeria hori normalizatuta dagoela gizartean, eta datuek erakusten dutela salaketak «icebergaren punta» baino ez direla. Haren hitzetan, «pausoak» eman dira «indarkeria matxista arazo pertsonal moduan ikusteari utzi eta arazo sozial moduan» ikus dadin, baina «oraindik asko dago egiteko».

Bikotekidearen indarkeria fisikoa jasan dutenen proportziorik handiena 30 eta 44 urte arteko emakumeen artean dago, %19. 16 eta 29 urte arteko gazteen artean, portzentajea %12,8 da. Nolako indarkeria fisikoa? Bultzatzea, iletik tiratzea eta heltzea izan dira hamarretik bat. Ukabilkadak, ostikadak edo zerbaitekin jotzea kasuen %5ean. Mehatxu egin diete emakumeen %8ri.

Indarkeria psikologikoa

Kasu ia guztietan (%94,6), bikotekideari eraso fisikoren bat egin dion gizonak indarkeria psikologikoa ere erabili du haren kontra: gutxiespenak, umiliazioak eta irainak izan dira bost emakumetik baten kasuan (%21,9). Bikotekideek kontrolatu nahi izan dituztela esan dute emakumeen %13,3k, eta lagunak ikustea edo jardueraren bat egitea debekatu dietela hamarretik bati.

Bikote harremana eten eta gero ere indarkeriak bere hartan jarraitu du kasu askotan: hamar emakumetik hiruk esan dute bikotekide ohiaren eraso fisikoak edo psikologikoak izan dituztela bikotekidea utzi eta gero. Ez hori bakarrik. Bikotekide ohiek eragindako indarkeria fisikoak eta psikologikoak denbora luzez irauten du: hamar emakumetik hiruren kasuan, bost urte baino gehiagoz jasan dute indarkeria fisikoa eta psikologikoa. Sexu indarkeriaren kasuan, «behin eta berriz gertatu da».

Gizonek adin guztietan baliatzen dute indarkeria emakumeen kontra: 30-44 urte bitarteko emakumeen %41,1ek jasan dute, baina baita 16-29 urte artekoen %36,3k ere. Desgaitasunen bat dutenek ere bai, hirutik batek; eguneko jarduerak egiteko «muga larriak dituztenek» ere bai, hamarretik hiruk. Portzentaje horiek handiagoak dira bikotetik kanpoko indarkeria matxista ere aintzat hartuz gero: ia erdiek.

Soslai jakinik ez

«Indarkeria matxista ez da gizartearen sektore batek eragin edo jasotzen duen indarkeria», argi utzi du Elgarrestak. Izan ere, adin, maila sozioekonomiko eta ikasketa maila guztietako pertsonak daude indarkeria matxistaren «eragile eta biktimen artean». «Ez dago erasotzaile soslai jakin bat, eta ez dago indarkeria jasaten duten emakumeen soslai jakin bat», esan du, eta erantsi «indarkeria transbertsala» dela.

Erasotzaileak 16-29 urte artekoak dira biktimen %37,2ren kasuan; 30-44 urte artekoak biktimen %34,9ren kasuan. Horrez gain, errenta handiko eta errenta apaleko gizonek erabiltzen dute indarkeria bikotekideen kontra: errenta apaleko etxeetan bizi diren ia hamar emakumetik lauk (%37,8) esan dute jasan dutela indarkeria motaren bat; errenta handietako etxeetako hamar emakumetik hiruk (%30,4).

Emakumeez gain, haurrek ere ikusi edo jasan dituzte gizonen indarkeria ekintzak. Bikotekidearen indarkeriaren bat jasan duten hiru emakumetik bat adingabeekin bizi zen, ia kasu guztietan seme-alabekin. Hiru emakumetik bik esan dute haurrek noizbait ikusi edo entzun dituztela indarkeria ekintzak. Seme-alabekin bizi diren emakumeen kasuan, hamarretik hiru etxetan adingabeek ere indarkeria jasan dute.

Laguntza

Bikotean indarkeria matxista jasan eta gero, lau emakumetik batek laguntza medikoa edo psikologikoa jaso du. Bostetik batek uste du laguntza hori behar zuela, jaso ez bazuen ere. Ia lautik batek sendagaiak, alkohola edo drogak hartu ditu «indarkeriazko gertaerei aurre egiteko».

Lautik hiruk bikotekidearengandik jasandako indarkeriari buruz hitz egin izan dute lagunen edo senideren batekin. %14,3k noizbait salaketaren bat aurkeztu dute. Melgosak positibotzat jo du jasandako indarkeriari buruz hitz egin izan duten emakumeen ehunekoa; kezkagarritzat, berriz, gehienek salatu ez izana. Zergatik ez dute salatu? Bi emakumetik batek erasoa ez du identifikatu salatu daitekeen delitu batekin; %15,5ek errua, lotsa edo blokeo emozionala sentitu dute; eta hamarretik batek seme-alabak edo familiako beste kideren bat babesteko beharra izan dute.

Indarkeria fisikoa edo sexu indarkeria jasan dutenek salatu dute batez ere. «Indarkeria fisikoa edo sexu indarkeria indarkeria psikologikoa baino gehiago salatzen da, nahiz eta psikologikoa gehiago gertatzen den; azken hori ikusezina da», adierazi du Melgosak.

Bikote eremutik kanpo

Bikote harremanetik kanpo jasandako indarkeriari dagokionez, indarkeria fisikoa pairatu duten emakumeen %6,5ek ez zuten erasotzailea ezagutzen, eta %5,3k eremu hurbilean jasan dute; ikastetxean edo lagun taldean, besteak beste. Horrez gain, %4ri senideren batengandik etorri zaie indarkeria hori.

Bestalde, sexu indarkeria jasan duten %18,6k ez zuten erasotzailea ezagutzen, eta %7,7k jasan dute eremu hurbilean. %2,4k senide baten partetik jasan dute noizbait.

Deia gizonei

Azterlana egin eta gero, Melgosak uste du garaia dela lan ildo berriak ezartzeko, gizarte osoaren ardura baita «gaur egun euskal gizarteak bizi duen indarkeria gaitz handiena amaitzea». Hala ere, dei zuzena egin die gizonei: «Gizonek matxismoari aurre egiteko garaia da. Aurrerapausoak ematen jarraitu behar dute, horietako asko maskulinitate itun horietatik ateratzen ari baitira».

Melgosarekin bat egin du Elgarrestak, eta berak ere gizonak interpelatu ditu: «Indarkeria jasan duten emakumeen kopuru handiak erakusten du indarkeria hori erabiltzen duten gizonen kopurua ere handia dela». Erakundeek koordinatuta lan egiten jarraitu behar dutela esan du, tresnak, protokoloak, zerbitzuak, prebentzioa eta prestakuntza indartuz, eta gizarte osoak erantzun behar duela. «Emakumeek ezin diote egiturazko arazo horri bakarrik aurre egin, are gutxiago indarkeria matxistaren existentzia ukatzen saiatzen diren ahotsak eta korronteak dauden egoera batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.