Giza eskubideak

EAEko erakundeek ez dute eskumenik armen esportazioa arautzeko

Eusko Jaurlaritzak aginduta, txosten bat egin du aditu talde batek. Txostenean, "oinarrizko jokabide eta gardentasun kode bat" egitea proposatu dute.

Txostena Bilbon aurkeztu dute.
gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 18a
13:44
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak armen salerosketaren inguruko ikerketa egiteko agindu zion Gobernantza Demokratikoaren Institutuari; batez ere, armen merkataritza eta esportazioa zedarritzen duen esparru juridikoa hobeto ezagutzeko. Zuzenbidean aditu Juanjo Alvarezek, Jose Luis Iriartek, Cayetana Santaolallak eta Unai Belintxonek egin dute ikerketa, eta orain aurkeztu dute jendaurrean. Horren ondorio nagusia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoek ezer gutxi egin dezaketela esparru horren gaineko kontrola areagotzeko, eskumenik ez dutelako.

Adituek esparru juridikoa osatzen duten lau bloke nagusiak aztertu dituzte: EAEko autonomia estatutua, Espainiako Konstituzioa eta handik eratortzen den legeria, Europako Batasuneko araudia eta nazioarteko arauak. Txostenean ondorioztatzen da euskal erakundeek ez dutela eskumenik kanpo merkataritzan eta arma industriaren sektorean. Bestalde, armen esportazioa batez ere itsasotik egiten da, baina itsas merkataritzan ere euskal instituzioek ez dute eskumenik, eta, gainera, Espainiak beretzat gorde du interes orokorreko portuen eskuduntza –horrela izendatuta daude Bilboko eta Pasaiako portuak–.

Cayetana Santaolallak azaldu duenez, arazo handiak topatu dituzte armagintza sektoreari buruzko esportazioen arrastoari jarraitzeko. Hark esandakoaren arabera, esportatzen den artikulu bakoitzak zerga kode bat izaten du, hark zer izaera duen zehazteko, baina armagintza sektorean erabiltzen diren kodeen anbiguotasunak eta Espainiako Zerga Agentziak darabilen "opakutasunak" galarazi die horren inguruko informazio zehatza eskuratzea.

Gaia arautzearen bidea itxita, beste bide bat proposatu dute txostena egin duten adituek: enpresek beren burua erregulatzea. Oinarrizko Jokabide eta Gardentasun Kode bat diseinatzea proposatu dute, eta beren borondatez harekin bat egiten duten enpresei aplikatzea. Adituek azaldu dutenez, gaur egun enpresa gutxik dauzkate giza eskubideen babesa bermatzeko kode publikoak.

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak esan du oraindik sakon aztertu behar dutela txostena, baina iragarri du Enpresen eta Giza Eskubideen Plan bat egiteko asmoa dutela, eta litekeena dela txostenean egiten diren proposamenetako batzuk plan horretan txertatzea.

   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.