EAEko fiskalak dio «zaila» izango dela Cabacasi tiro egin ziona identifikatzea

Kalparsorok zehaztu du, eskatzekotan, operazio burua eta ertzain etxeko agentea inputatzeko soilik eskatuko dutela

Juan Antonio Varela eta Miguel Buen inputatzeko eskatu zuen asteartean Cabacasen sendiaren abokatuak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen familiaren abokatuek baino inputazio eskaera gutxiago egitea aurreikusten du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal nagusi Juan Kalparsorok. Hala adierazi du ElDiario Vasco egunkariari egindako adierazpenetan. Joan den asteartean, iazko apirileko polizia operazioan parte hartu zuten 40 ertzain eta orduko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Miguel Buen eta Ertzaintzako zuzendari Juan Antonio Varela inputatzeko eskatu zuen familiaren abokatuak —akusazio partikular gisa ari da—. «Inor inputatzeko eskatzen badugu, oldartzeko agindu zuen Deustuko ertzain etxeko agentea eta operazioa gidatu zutenak soilik izango dira», argitu du Kalparsorok. Hau da, joan den apirilean Gara egunkariak argitara emandako audio grabazioetan Ugarteko ezinenez agertzen den agentea, eta oldartu zireen lekutik bertatik operazioa gidatu zuten polizia buruak. Horiek, eta noski, Cabacasi pilota jaurti zion ertzaina.

Azken horri dagokionez, ordea, fiskal nagusiak zehaztu du «zaila» izango dela jakitea nor izan zen Cabacas hil zuen tiroaren egilea. «Badakigu zein ertzainek eta zenbat aldiz egin zuten tiro, baina ez nondik atera zen pilota», esan du Kalparsorok.

Cabacas Lizeranzu familiaren abokatuak inputatzeko eskatutako 40 ertzainen artean daude, operazio buruez gain, furgonetetako arduradunak eta pilota jaurtigailuak zeramatzaten ertzainak. Gainera, Atlhetic eta Schalke 04 taldeen arteko partidaren ondoren egindako operazioan kaleko jantzita zihoazen ertzainak identifikatzeko ere eskatu du familiaren abokatuak Bilboko Instrukzioko 10. Auzitegian, epaileak inputatu gisa deklarazioa har diezaien.

Instrukzioa, «aurreratua»

Eskaera horrekin, akusazio partikularrak «iniziatiba» hartu duela deritzo Kalparsorok. Haren iritziz, «nahiko aurreratua» dago instrukzio fasea dagoeneko. Izan ere, hainbat proba egiten eta lekukoei deklarazioa hartzen aritu da epailea orain arte, familiaren ordezkariek hala eskatuta, baina oraindik ez du inor inputatu. Besteak beste, peritu probak egiten aritu zen Espainiako Polizia Maria Diaz de Haro kalean bertan, Bilboko instrukzioko epailearen aginduz. Horrela, ertzainek gomazko pilotak erabiltzeko ezarria duten protokoloa bete ote zuten aztertu nahi izan zuen epaileak, Ertzaintzak erantzukizun penalik ba ote zuen jakiteko. Dagoeneko, urtebetetik gora luzatu da instrukzio fasea.

Segurtasun Sailari eskaria

Bi hilabete lehenago, Cabacas hil zeneko urteurrenaren bueltan, sei ertzain kargutik kendu zituen behin-behinean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Deustuko ertzain etxeko agentearen eta furgonetetako agente baten arteko elkarrizketaren grabazioen berri eman ondoren gertatu zen hori. Elkarrizketa hark agerian utzi zituen garai hartako Herrizango Sailak emandako bertsioaren gabeziak. Izan ere, Rodolfo Ares sailburuak esan zuen une hartan liskar bat zegoelako oldartu zirela ertzainak. Grabazioetan entzuten denak, ordea, gezurtatu egin du bertsio hori; gertaeren lekutik bertatik ordurako liskarrik ez zela baieztatu arren, oldartzeko agindu baitzuen Deustuko ertzain etxeko agenteak. Orduan, Aresek esan zuen hasieratik jarri zituela epailearen esku grabazio guztiak.

Orain, oldartzeko agindu zuen ertzain hura identifikatzeko ere galdegin dio akusazio partikularrak instrukzioko epaileari. Gainera, Segurtasun Sailak euren funtzioetatik kendutako ertzainak nor diren argitzea ere nahi dute, eta epaileari eskatu diote eskaera hori bideratzeko Segurtasun Sailari.

2012ko apirilaren 5eko gauean izan ziren Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuten gertakariak. Jendez gainezka zegoen Maria Diaz de Haro kalean sartu ziren ertzainak, eta haietako batek botatakopilotakadak zauritu zuen Cabacas. Lau egun zaurituta egon ostean, apirilaren 9an hil zen, Basurtuko Ospitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.