Euskal Soziometroak 2023ko hirugarren eta azken txostena plazaratu du. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen galdeketa horrek jasotzen ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek egungo egoerari buruz dituzten pertzepzioak eta euren jarrera eta balio politikoak. Landa lana 2023ko azaroaren 21etik 24ra bitartean egin dute. Alegia, Iñigo Urkullu EAJren hautagaia ez dela izango jakin aurretik egin zen iritzi bilketa horren %97 baino gehiago.
Galdeketa horren arabera, hiru herrialde horietako herritarren %43 sentitzen dira «soilik euskal herritar» edo «euskal herritar, espainiar baino gehiago»; eta %40 sentitzen dira «euskal herritar bezain espainiar». Soilik %9 sentitzen dira «espainiar euskal herritar baino gehiago», edo beren burua «bakarrik espainiar» gisa ikusten dute. Azken urteetan, jaitsi egin da soilik euskal herritar sentitzen direnen taldea, galdeketa horren arabera, baina espainiartasunaren aurretik euskal herritartasuna jartzen dutenekin batera, talde soziologikorik handiena osatzen dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren osotasunean.
Sentipen nazional horiek zer-nola gauzatzen diren proiektu politiko nazional desberdinen artean, hori ere galdetu dute soziometroan, eta, emaitzen arabera, herritarren %22 independentziaren alde daude; %33 independentziaren aldekoak lirateke egoeraren arabera; eta %37 aurka daude.
Alderdiei begira
Politikan bete-betean sartuta, soziometroan alderdiei buruz ere galdetu dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek politikan «interes gutxi» edo «batere interesik» ez dute (%59), baina 2010etik politikarekiko interesak goranzko joera erakusten duela nabarmendu dute txostenean; aurreko hamarkadaren hasieran, %20k ageri zuten «interes handia edo nahikoa», eta portzentaje hori handituz joan da egungo %41era iritsi arte.
Begikotasun politikoei dagokienez, EAJ alderdiak sortzen du aldekotasun handiena herritarren artean; soziometroaren arabera, betiere; 2023an 5,2 puntuko batezbestekoa baitu 0tik 10erako eskalan, bildumako handiena. Ondoren daude, PSE-EE (4,4), EH Bildu (4,2), Elkarrekin Podemos (3,7), Ciudadanos (2,0), PP (1,9), eta, azkenik, Vox (0,7).
Buruzagi politikoen artean, Iñigo Urkulluk atera du notarik onena: 5,6 zerotik hamarrerako eskala batean.
Buruzagi politikoei buruz ere eskatu diete iritzia galdetuei. Iñigo Urkulluk jaso du 2023an batez besteko baloraziorik handiena, 5,6 puntu lortu baititu 0tik 10erako eskalan. Bigarrenik, Nerea Kortajarena ere ontzat jo dute herritarrek, 5,1 puntu emanda. Ondoren datoz Miren Gorrotxategi (4,9), Eneko Andueza (4,5), Amaia Martinez (3,2), eta, azkenik, Javier de Andres (2,9).
Osasungintzaren kezka
Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hainbat arlotan izan duen jardunari buruz ere galdetu diete herritarrei. Iritzi positiboa dute turismoaren — %72k uste du ona izan dela—, kulturaren (%64), memoriaren, bakearen eta bizikidetzaren (%53) eta euskararen (%53) arloetan egindako lanaren inguruan. Herritarren jarrera ez da hain positiboa, ordea, osasungintzaren (%33), enpleguaren (%29), justiziaren (%28) eta etxebizitzaren (%20) arloetan egindako lanari dagokionez.
Gasteizko gobernuaren jardunari buruzko iritziak banatuago daude beste arlo hauetan: gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna —%49k uste dute ona dela—, ingurumena (%49), gizarte ongizatea (%47), herri lanak eta azpiegiturak (%46), ekonomia (%44), herritarren segurtasuna (%44) eta hezkuntza (%43).
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arazo nagusiei dagokienez, soziometroan diote gizartearen lehen kezka «lan merkatuarekin lotutako arazoak» direla berriro ere, baina, maiatzeko neurketarekin alderatuta, garrantzia galdu dute. Biztanleen ia erdiek (%47) aipatu dituzte hiru arazo nagusien artean lan merkatuari lotutakoak; maiatzean, %56k aipatu zituzten.
Soziometroaren arabera, herritarren %73k uste dute zerbitzu publikoak «nahiko onak edo oso onak» direla.
Aurrekoetatik alde handiz, osasungintza da gehien aipatzen den arazoetan bigarrena: herritarren %28k aipatu dute. Atzetik datoz, etxebizitzarekin lotutako arazoak (%19) eta arazo ekonomikoak (%17). Kopuru apalagoetan aipatutako beste arazo batzuk honako hauek dira: egoera politikoa eta politikariak (%15), delinkuentzia eta segurtasunik eza (%13), eta zerbitzu publikoen funtzionamendua eta estaldura, eta laguntzak (%10).
Bestalde, eztabaida politikoan, azken urtean gero eta presentzia handiagoa hartu du zerbitzu publikoen egoerak; hauteskunde urtea izan delarik, alderdiek etengabe azaldu baitute zer pauso emango lituzketen haiek hobetzeko. Bada, kontraste handikoa da administrazio publikoak kudeatzen dituen zerbitzu publikoei buruz herritarrek iritzi positiboa izatea gehienbat: soziometroaren arabera, %73k uste baitute zerbitzu publikoak «nahiko onak edo oso onak» direla, eta %23k baizik ez baitute uste «nahiko txarrak edo oso txarrak» direla.
Datu horiek esan nahi dute, Europako Batasun osoa aintzat hartuta, zerbitzu publikoen baloraziorik onenetako bat egiten dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek; Luxenburgoko eta Herbehereetako herritarrek soilik erakusten dute euskal herritarrek baino iritzi hobea beren herrialdeko zerbitzu publikoei buruz.