Beste epai bat euskara eskakizunen aurka. Hain zuzen, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Gipuzkoako Foru Aldundiko hogei zaintzaile lanposturen egonkortze prozesuan euskara ezinbesteko baldintza izatea, LABek eta ELAk salatu dutenez; euskaraz B2 maila izatea eskatzen zuten. Epaia gaitzesteko, elkarretaratzea egingo dute bihar, Donostiako Gipuzkoa Plazan, 12:00etan; Euskalgintzaren Kontseiluak babesa adierazi dio.
Bi sindikatuek ohar bidez azaldu dutenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak iazko abenduan Donostiako epaitegi batek emandakoa berretsi du; hots, zaintzaile lanpostu guztiei euskara eskakizuna jartzea ez dela «legezkoa»: «Eta epaileentzat legezkoa al da arreta euskaraz jaso nahi duen egoiliarra diskriminatzea? Edo euskaraz lan egin nahi duen administrazio publikoko langilea diskriminatzea?». Halaber, gogorarazi dute epai hau ez dela bakana: «Azken hilabete luze hauetan, epaileak, zenbait abokaturen eta sindikaturen laguntzarekin, euskararen aurkako oldarraldi indartsu hau baliatzen ari dira, euskaldunek Euskal Herrian euskaraz bizitzeko duten eskubideen urraketetan urratsak bata bestearen atzetik emateko».
Horregatik guztiagatik, «euskararen arloan ere erantzunik gabeko erasorik ezin delako onartu», Gipuzkoako Foru Aldundiko langile batzordearen gehiengoak —LABek eta ELAk— deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar, eta Euskalgintzaren Kontseiluak ere babesa adierazi dio. Gainera, erakunde publikoei ere egin diete eskaera: «Dei egiten diegu Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta Batzar Nagusietako lehendakariari, baita bertan parte hartzen duten indar politikoei ere, aldundiko langileekin, gizartearekin eta euskal eragileekin batera elkarretaratzean parte har dezaten, jaso berri dugun epaia gaitzets dezaten eta euskara —eta, beraz, euskal komunitatearen eskubideak— bortxatzen dituzten erabaki hauen inguruan neurriak har ditzaten, aurrera begira jarrai dezaten».
Oldarraldiaren parte
Berehala iritsi da euskalgintzaren erantzuna. Hain zuen, Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du «euskaldunen borondatearen eta eskubidearen kontra doan oldarraldiaren beste esku hartze bat» dela epaia: «Ebazpen hauen bidez, hizkuntza eskubideak mespretxatzeaz gain, botere judiziala hizkuntza politika baldintzatzeko eskumena bereganatzen ari da. Ondorioz, auzitegiak egungo araudia eta ofizialtasuna berrinterpretatzen ari dira, euskara gaztelaniaren azpitik mantenduz eta euskaldunak bigarren mailako herritar gisa betikotuz».Â
Horretaz gainera, Euskalgintzaren Kontseiluak gogorarazi du udazkenean lan eskaintza publikoetako euskara eskakizunei buruz eztabaidatuko dutela Eusko Legebiltzarrean, «euskararen ezagutza eskatzea ahalbidetzeko eta oldarraldi judizialak eragindako ziurgabetasunari konponbidea jartzeko asmoz». Nabarmendu dute azken urteetan euskalgintzak, euskal gehiengo sindikalarekin batera, administrazioa euskalduntzearen alde egindako «presioaren eta mobilizazio sozialaren» ondorio ere badela lege ekinbide hori. Kontseiluak ildo horretan aurrera jarraitzeko asmoa adierazi du, «oldarraldiari horma jarriko dion arkitektura juridiko berri bat lortzeko ez ezik, euskararen normalizazioak dituen erronkei erantzungo dien jauzia emateko ere».