Hezkuntza. Murrizketak

EAEn behar baino 300 irakasle gutxiago daudela dio EILASek

Ikasleen kopuruak gora egin du sare publikoan, eta 2.141 gehiago izango dira datorren urtean; 60 irakasle gutxiago, ordea

Jaurlaritza azken hiru urteetan murrizketak egiten ari dela salatu du EILAS sindikatuak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Esaten ari denaz bestera, hezkuntzan murrizketak egiten ari da Eusko Jaurlaritza, eta hori bistan jarri dute datorren urterako lantaldearen datuek. EILAS sindikatuak egin du salaketa, ikastetxe bakoitzeko zenbakiak aztertuta. Haren arabera, aurtengo ikasturtean baino 60 irakasle gutxiago egongo dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoan; ikasleak, berriz, askoz ere gehiago, 2.141 gehiago. Kalkulua atera du EILASek: behar baino 300 maisu-maistra gutxiago izango dira.

Azken hiru urteetako salaketa da sindikatuena: ikasleak etengabe gehitzen ari direla sare publikoan, eta Jaurlaritza ez dela ari horri erantzuteko adinako baliabideak jartzen. Haur eta Lehen hezkuntzako datuak hartu ditu oinarri EILASek irakasle eskasia salatzeko. Iaz ere ohartarazi zuten sindikatuek: 5.000 estudiante gehiago zeudela sare publikoan, eta 350 irakasle falta zirela. Ukatu egin zuen Jaurlaritzak, esanez behar adina behargin hartu zituela.

Hazten jarraitzen du, ordea, sare publikoak, eta datorren ikasturtean 2.141 ikasle gehiago batuko dira Haur eta Lehen hezkuntzara. EILASen esanetan, igoera horri erantzuteko beste 122 gela sortu beharko lituzke Hezkuntza Sailak, eta 160 maisu-maistra gehiago hartu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden ratioak hartuta egin du kalkulua.

Kontua da, EILASen arabera, ratioak gainditu egin dituela Jaurlaritzak. Zirrikitu bat erabili du horretarako: legeak aukera ematen du gela bakoitzeko gehienezko ikasle kopurua %10 arte gainditzeko, behin ikasturtea hasita dagoelarik joandako estudianteak kanpoan ez uzteko. Azken batean, hori egin du Nafarroako Gobernuak: salbuespeneko neurria orokor bihurtu, eta ikasturtea hasi baino lehen gainditu estudianteen gehienezko ratioa.

Zer gertatuko da ikasturtea hasita ikasle gehiago iristen badira eskoletara? «Gainditu egin beharko dute %10eko muga, eta ikasleak gehiago pilatu», iragarri du EILASeko kide Iñaki Izagirrek. Isabel Zelaa sailburua bera azaldua da behin baino gehiagotan ratioak handitzearen aurka, batez ere Espainiako Hezkuntza Ministerioak hori proposatu zuenetik.

Jaurlaritza ratioekin izaten ari den jokaera ez du EILASek bakarrik salatu. Gipuzkoako eskoletako zuzendariek ohar bat adostu dute oraindik orain, eta jakinarazi dute gehienezko ratioak gainditzen ari direla ikastetxeetan. Haien esanetan, otsaileko datuekin taxutzen du lantaldea Jaurlaritzak, eta ordutik aurrera joaten diren ikasleen geroa eskolen gain uzten du. «Ikastetxeen teilatuan jartzen du pilota, ikasle horiek hartzea ala ez beraien esku utziz, eta onartuz gero, ratioen gainetik, eta baliabideak gehitu gabe».

Ratioak eta laguntza planak

Ratioen bidez murrizketak itunpeko sarean ere egin nahi ditu Zelaak. Datorren urteetarako plananegoziatzen ari da Ikastolen Elkartearekin eta Kristau Eskolekin. Jaurlaritzaren nahia da ratioak kalkulatzeko sistema gogortzea, itunpeko ikasleak pilatzea, gela gutxiago pagatzeko. Denbora daramate negoziatzen, baina ez dute akordiorik lortu oraingoz, itunpeko eskolek ez baitute onartzen Zelaaren planteamendua. Hilabete honetan zirt edo zart egitea espero dute, nolanahi dela ere.

Ratioekin batera, laguntza programak eta horrelakoak daude murrizketen jomugan. Zenbait plan bertan behera utzi ditu Jaurlaritzak, lehentasunak ezarri beharra dagoela argudiatuta. Etete horien eraginez beste 83 postu galduko dira, EILASen hitzetan. «Aniztasunari erantzuteko eta kohesioa eta berdintasuna sustatzeko egitasmoetan ezarri ditu murrizketak. Mozketak gauzatzeaz gain, diskriminazioa areagotzen duten neurriak hartu ditu». Premia bereziak dituzten ikasleen alorrean egindako murrizketak salatu dituzte, EILASek ez eze, Gipuzkoako zuzendariek ere.

Jaurlaritzaren jarrera salatu du Izagirrek, esanez «bere komenientziarako» erabiltzen dituela baliabideak: lantaldea murriztu duen aldi berean hiru eleko eredurako eta Erlijioko irakasleetarako baliabideak jartzea aurpegiratu dio. Behar adina irakasle ez hartzeak duen eragin bikoitzaz gogoeta egitea nahi du EILASek: «Kalitatean eragiteaz gain, enplegua suntsitzen dute neurri horiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.