2012ko aurrekontuak aurreraateratzea eskura dauka Arabako foru gobernuak, atzo Bilduk eta Ezker Batuak aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota eta gero. Iragarritakoa bete zen Biltzar Nagusietako bilkuran, eta EAJko hamahiru biltzarkideak abstenitu egin ziren osoko zuzenketen bozketan, aurrekontuen tramitazioak aurrera jarraitzea ahalbidetuz. Jeltzaleen abstentzioari esker, PPk eta PSE-EEk gehiengo nahikoa izango dute datorren osteguneko plenoan aurrekontuak onartzeko.
EAJ oso kritiko agertu da PPk gidatzen duen foru gobernuaren aurrekontuarekin, baina egungo krisialdi egoeran «erantzukizunez» jokatu behar duela iritzi dio, eta osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki du. «Egoera politiko normal batean aurrekontuak gobernuari itzultzeko eskatuko genuke, baina krisialdi sakona dugun honetan Araba aurrekonturik gabe uztea oso larria izango litzateke». Ramiro Gonzalez EAJko eledunak modu horretan argudiatu du bere taldeak hartu duen jarrera.
Jeltzaleek ez dituzte «batere gustuko» foru gobernuaren aurrekontuak, baina uste dute «oposizio eraikitzailea» egitea egokitzen zaiela eta hobe dela herrialdeak aurrekontu «txarrak» izatea «aurrekonturik ez izatea baino». Gonzalezen arabera, ez da «samurra» jeltzaleen jarrera, baina arabarren gehiengoaren nahiari «arduraz» erantzutea egokitzen zaiela uste dute.
EAJren abstentzioa gogor kritikatu dute Bilduk eta Ezker Batuak. Gorka Ortiz de Ginea Bilduko eledunaren ustetan, «ezkutuko itun bat» dago PP, PSE eta EAJren artean, eta hiru alderdioi «kromo trukea» egitea leporatu die. Jakinarazi duenez, negoziazioa «negozio» bilakatu dute PP, PSE eta EAJk, haien esku dauden hamazazpi udalerriei eta EAJk kudeatzen dituen sei kuadrillei ezohiko diru laguntzak ematea adostu dutelako aurrekontuetan. Ortiz de Ginearen irudiko, aurrekontuak aurrera ateratzea Biltzar Nagusietako «eskuinaren akordioaren» ondorio izan da, eta argibideak emateko eskatu die taldeei.
Ezker Batuaren ustetan, berriz, PPk Bizkaiko aurrekontuei emandako babesaren «ordaina» da EAJk Araban izan duen abstentzioa. Nerea Galvez eledunak salatu du PPren aurrekontuak defizita gutxitzera bideratuta daudela soilik eta gastu soziala ahaztu egiten dutela. Galvezentzat, «zerga erreforma sakon batek» lagundutako aurrekontu berriak ezinbestekoak dira herrialdean, baldin eta hazkunde ekonomikoa sortu nahi bada.
PSE-EEk, berriz, ohartarazi du «babes kritikoa» emango diola PPren foru gobernuari. Cristina Gonzalez biltzarkideak esan du aurrekontuak ez direla sozialistek nahiko luketenak, ez dituztelako neurririk proposatzen hazkunde ekonomikoa lortzeko eta diru sarrerak handitzeko eta bere lehentasun bakarra defizita murriztea delako. PSEren babesak, hortaz, «iraungitze data» duela esan dio Gonzalezek PPri, eta jakinarazi dio aldiro «berrikusi» egingo dutela gobernuari ematen dioten babesa.
Bestalde, Ana Morales PPko biltzarkideak defendatu du gaur egun egin zitezkeen aurrekontu «errealistenak» aurkeztu dituztela eta bereziki enplegua sortzera bideratuta daudela. Horrez gain, EAJri eskerrak eman dizkio abstentzioarekin«erantzukizunez» jokatu duelako.
EAJ abstenituta, atzera bota dituzte aurrekontuen osoko zuzenketak Araban
Bilduk eta Ezker Batuak aurkezturiko osoko zuzenketen aurka bozkatu dute PPk eta PSEk Biltzar Nagusietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu