Politika

EAJ, EA, EB eta Aralarrek ez dute zehaztu erabaki eskubidearen alde Europako auzitegietara joko duten

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren aurka egiteko, "hurrengo hilabeteetan Europa eta nazioarte mailako foroetan ekimenak eta demandak" aurkeztuko dituztela jakinarazi dute lau alderdiek gaur, ohar baten bidez. Ez dute jendaurreko agerraldirik egin. Herritarrei agiria sinatzeko eskatu diete.

2008ko irailaren 19a
16:14
Entzun
EAJ, EA, EB eta Aralar alderdiek "Euskadin" bakeari eta normalkuntza politikoari buruzko herri kontsulta egitearen aldeko agiria plazaratu dute, atzo iragarri bezala, eta alderdiek "hurrengo hilabeteetan Europa eta nazioarte mailako foroetan ekimenak eta demandak" aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. Ez dute zehaztu, beraz, Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako salaketa jarriko duten. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hala iragarri zuen irailaren hasieran, "pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik" (EAJ, EA eta EBk osatzen dute Jaurlaritza).

Prentsa oharra atera dute lau alderdiek gaur, agerraldi publikorik egin gabe, eta herritarrei agiria sinatzeko dei egin diete. Webgunea sortu dute horretarako (gaur arratsaldetik aurrera egongo da erabilgarri): www.kontsulta.eu.



Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta lehengo astean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Aurtengo urriaren 25ean egitea egin nahi zuten galdeketa.

EAJ, EA, EB eta Aralarrek diote "gizarte demokratikoan" herritarrek kontsultatua izateko eskubidea dutela, "eta, ondorioz, bakea eta normalizazioaren aldeko laguntasuna emateko eskubidea". Debekuagatik, "gai publikoetan parte hartzeko eskubidea urratzen da eta, modu berean, adierazpen askatasuna". Horretan "funtsezko ardura" Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak daukala salatu dute. Konstituzionalak babes judizialerako eskubidea eta elkartzeko askatasuna ere galarazi dituela irizten diote.

"Euskal gizartearentzako erabakitzeko gaitasun osoa bilatzeko" lanean segituko dutela esan dute lau alderdiek, eta aldarrikapen hori euren programa eta egitasmoetan izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.