Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJ eta EH Bildu nagusi dira herriz herriko datuetan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri ia guztietan, EAJ edo EH Bildu da lehen indarra. EAJk atzera egin du hainbat udalerritan, EH Bilduren mesedetan.

BERRIAren mapa interaktiboa, barruti bakoitzaren irabazlearen kolorearekin.
BERRIAren mapa interaktiboa, barruti bakoitzaren irabazlearen kolorearekin.
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 22a
12:30
Entzun

Interesgarria da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mapa interaktiboari erreparatzea jakiteko egoera politikoa zertan den eta alderdi bakoitzaren bilakaera zein izan den. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina EAJren eta EH Bilduren arteko norgehiagoka gisa aurkeztu zen hasiera-hasieratik, eta hori nabaria izan da emaitzetan ere: bi horietako bat da lehen indarra herri ia guztietan. Duela lau urte, esaterako, PSE-EE lehen indarra izan zen Ermuan (Bizkaia), baina aurten nagusitasun hori galdu du, EAJren mesedetan. Bi salbuespen baino ez daude EAJren eta EH Bilduren erabateko hegemonia horretan, eta biak Arabako Errioxan: Guardian PP izan da lehenengo indarra —nagusitasuna EAJri kenduta—, eta Zanbranan PP eta EAJ berdinduta gelditu dira —duela lau urte EAJ izan zen lehenengo indarra—.

EAJ eta EH Bildu nagusi, beraz. Baina bi indarren bilakaera oso desberdina izan da, eta joerak ere oso bestelakoak dira. Araban eta Gipuzkoan, EAJk lehen postua galdu du udalerri askotan, eta EH Bilduren eskuetan geratu da lidergoa. Araban, esaterako, EAJk nagusitasuna galdu du Gasteizen eta Amurrion, eta Laudion berdinduta gelditu da EH Bildurekin; hiru udalerri horietan lehenengo indarra izan zen 2020an. Gipuzkoan, berriz, EAJk Donostian, Irunen, Hondarribian, Elgoibarren, Beasainen eta beste herri txikiagoren batean baino ez dio eutsi lehen indarra izateari.

Bizkaian askoz emaitza hobeak izan dituzte jeltzaleek. Bilbon aise gailendu da, EH Bilduri ateratzen dion aldea murriztu bada ere, eta lehenengo indarra izaten jarraitzen du Ezkerraldeko herri guztietan, Uribe Kostan eta Enkarterriko udalerri gehienetan, baina bi plaza garrantzitsu galdu ditu: Durango eta Gernika-Lumo. Galdakaon, EH Bilduren alkatetza duen herrian, EAJ izan da garaile, baina hala izan zen duela lau urte ere; orduan 1.300 boto ateratzen zion EH Bilduri, eta oraingoan hirurehun baino ez. Bermeon, berriz, EAJ lehen indarra da oraindik ere.

EH Bildu, aurrera

Kontrakoa esan daiteke EH Bilduri buruz, EAJk nagusitasuna galdu duen udalerrietan hark eskuratu baitu lehenengo postua. Gasteizen eta Arabako herri askotan garaile suertatu da EH Bildu, eta Gipuzkoako udalerri ia guztietan, lehen aipatutakoak salbu. Eibarren, Deban, Azkoitian, Zarautzen, Zumarragan eta beste zenbait herritan lehen indarra da, EAJren kaltetan. Bizkaian, balio sinboliko handiko garaipenak eskuratu ditu Durangon eta Gernika-Lumon, eta oso esanguratsua da Ezkerraldean gertatutakoa: historikoki, eskualde hori PSE-EEren gotorlekua izan da, eta badira urte batzuk sozialistek nagusitasun historiko hori galdu dutela EAJren mesedetan —Portugalete da herri horietan PSE-EEren alkatetzari eutsi dion bakarra—; oraingoan, baina, EH Bildu bigarren indar bilakatu da Barakaldon, Sestaon eta Santurtzin, eta hirugarren postura bidali du Alderdi Sozialista. Sopuertan lehen indarra izan da EH Bildu.

Sozialistek, berriz, duela lau urte baino emaitza hobeak izan dituzte, baina hori ez da nahikoa izan udalerriren batean lehen indar bilakatzeko, eta Portugaleten, Eibarren, Irunen, Muskizen eta alkatetza duten gainerako lekuetan ere ez dute lortu lehen indarra izatea: kasu gehienetan EAJk eskuratu du postu hori, eta EH Bilduk beste zenbaitetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.