EAJk Bilbon du Bizkaiko garaipenaren oinarri sendoenetako bat

Kanpainaren azken zatian Bizkaiko hautesleei zuzendu zaie EAJ, irabazteko bermeak lurralde horretan zituela susmatuz, eta hala suertatu da: Gipuzkoan eta Araban EH Bildu nagusitu da, eta Bizkaian eutsi diote jeltzaleek koalizio subiranistaren olatuari.

Pradalesen eta Otxandianoren liburuak. LUIS TEJIDO / EFE
Pradalesen eta Otxandianoren liburuak. LUIS TEJIDO / EFE
mikel p ansa
2024ko apirilaren 22a
12:39
Entzun

Hauteskundeek utzitako mapa politiko berrian argi ikusten da EH Bildu nagusi dela Gipuzkoako herri gehienetan, Arabako askotan —Gasteiz barne, eta Donostia justuagatik ez irabazita—, eta Bizkaiko ekialdean. Zenbat eta mendebalderago, orduan eta argiagoa da EAJren garaipena, Enkarterrin batez ere.

Eta Bilbon.

2012tik honako emaitzak aztertuta, argi ikusten da Bilbo helduleku sendoa dela EAJrentzat: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortzen dituen botoen %17 inguru izan ohi dira bilbotarrenak. EAJri botoa ematen dioten hamar bizkaitarretik hiru dira Bilbokoak. Atzo ere berretsi egin zen datu hori, ongi eutsi zion EAJk. Baina bi alderdien arteko aldea asko txikitu da, nola Bizkaian, hala Bilbon.

2012an, EAJk 230.204 boto jaso zituen Bizkaian; 2016an, 238.581; 2020an, 200.339; eta aurten, 222.092.

EH Bilduk 102.000 boto gutxiago zituen Bizkaian 2012an; 139.000 boto gutxiago 2016an; 88.000 gutxiago 2020an; 62.000 gutxiago aurten. Aldea murrizten ari da, bera: 2012an, EH Bilduren boto bakoitzeko 1,8 boto zituen EAJk Bizkaian; orain, EH Bilduren boto bakoitzeko, 1,4 boto ditu EAJk.

Bilbon, joera antzekoa da, baina EAJk Bizkaia osoan baino alde handiagoak ateratzen dizkio EH Bilduri.

Jeltzaleek 64.817 boto zituzten Bilbon 2012an; 69.332 2016an, 55.614 2020an, eta 64.204 aurten. Aintzat hartuta 2020ko parte hartze baxua, gorabehera handirik gabe iraun du EAJren botoak azken hamabi urteotan Bizkaiko hiriburuan.

Aldeak murriztu zituen atzo EH Bilduk, halere. Koalizio abertzaleak 27.874 boto zituen Bilbon 2012an, 21.431 boto 2016an, 23.970 boto 2020an, eta 36.438 aurten. Botoetan nabarmen igo zen atzo Bizkaiko hiriburuan ere, eta bi alderdien arteko aldeari koska bat jan zion: 2012an, EH Bilduk Bilbon lortutako boto bakoitzeko 2,3 lortu zituen EAJk; atzo, EH Bilduren boto bakoitzeko 1,8 lortu zituen EAJk.

Aldea murriztu bai, baina oraindik ere EH Bilduren botoak ia halako bi lortzen dituzte jeltzaleek Bilbon. Eta eskualde batzuetan EAJk oraindik ere nagusitasun argia badu ere, Bilboko koskak diferentzia handia egiten du. Atzo bi alderdiek lortu zituzten botoei Bilboko emaitzak kenduz gero, berdinketa teknikoa dago bi alderdien artean: EAJk 306.350 boto ditu Bilbo gabe; eta EH Bilduk 305.297.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.