EAJ eta PSE-EE ados jarri dira EAE-ANVko alkateen eta zinegotzien dimisioak eskatzeko, PSE-EEko iturriek diotenez, ANVko kideek ETAren azkeneko agiria salatu ez dutelako. EAJk lehengo astean iragarri zuen haien dimisioa eskatuko duela, ETA ez gaitzesteagatik. Ekimena ez da mugatuko Arrasatera (Gipuzkoa), eta ANVk gobernatzen duen udaletxeetan aurkeztuko dituzte dimisio eskaerak. Horrek “fruiturik” izango ez balu, zentsura mozioak aurkezteko prest legoke EAJ.
Beste alderdiekin etzi bildu nahi dute EAJk eta PSE-EEk, Gasteizen. PP ekimen horien alde dago. EAk, berriz, esan du Arrasaten prest legokeela zentsura mozioa babesteko -EB ere bai-, baina ez beste herrietan, "kasuak desberdinak direlako". Aralarren ustez, "giza eskubide denen defentsa egitea ezinbestekoa" da.
Martxoaren 7an ETAk Isaias Carrasco PSE-Eko zinegotzi izandakoa hil zuen Arrasaten (Gipuzkoa), eta gero PSE-EEk Ino Galparsoro hango alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkeztu nahi izan zuen. EAJ ez zen ados azaldu, eta ekimena ez zen gauzatu. Hurrengo egunean aurkeztu zuen EAJk bere ekimena.
Galparsoro alkateak gaur goizean Euskadi Irratian oharatarazi du EAJk “kosta ahala kosta” PSOErekin akordiora iritsi nahi duela, “eta Arrasate bataila politikoaren erdigunean kokatu dute". Bere kontrako zentsura mozioa espero duela esan du.
ETAk Carrasco hil duela-eta, Galparsororen esanetan "horrelako gertakariak jazotzen direnean, hemengo klase politikoak etika eta moralari buruzko eztabaidak sortzen ditu, etikarik gabeko pertsonak izango bagina bezala, eta eurentzat hartzen dute label demokratikoa nork duen eta nork ez esateko eskubidea".
Haren ustez, "indarkeria ekintzak egunero" gertatzen dira. "Duela gutxi Arrasaten bi pertsona [Igor Portu eta Mattin Sarasola] indarkeriaz torturatu zituzten, baina orduan alderdiek horrelako ezer ez zuten proposatu“.
Politika
EAJ eta PSE-EE ados jarri dira ANVko hautetsiei dimisioa eskatzeko
Beste alderdiekin etzi bildu nahi dute eta ekimena ez da mugatuko Arrasatera. Jeltzaleak zentsura mozioak aurkezteko ere prest daude. Arrasateko alkateak dio EAJk “kosta ahala kosta" PSOErekin akordiora iritsi nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu