EAJko presidente Aitor Estebanen ustez, batzar «atsegina» izan du gaur PSE-EEko zuzendaritzarekin jeltzaleen egoitza nagusi Sabin Etxean, Bilbon. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza zenbaitetan bildu da gainontzeko alderdiekin kargua berritu ondoren, eta gaurkoa izan da azken bilera. Aurreko hilean EH Bilduko zuzendaritzarekin elkartu ziren sozialisten buruak koalizioaren egoitzan, Donostian; gaur, berriz, Bilbon egon dira Miguel Angel Morales Antolakuntza idazkaria, Begoña Gil Erakunde idazkaria eta Andueza bera, jeltzaleen ordezkaritzarekin: Maitane Ipiñazar EBBko idazkaria, Joseba Diez Antxustegi Politika instituzionaleko idazkaria eta Esteban bera.
Irteeran egindako adierazpenetan bat etorri dira Andueza eta Esteban, eta esan dute «fruituak eman dituen aspaldiko harreman baten aro berri bat» abiarazi duela bilerak, alderdi bietan zuzendaritzak berritu direnez. Gaur-gaurko gaiei heldu diete: itzalaldiaz eta harekin lotutako auziez eta Espainiako Gobernuaren egoeraz gogoeta egin dute, baina albo batera utzi dituzte gai korapilatsuenak Eusko Jaurlaritzan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gainontzeko erakundeetan bazkide diren alderdien artean: «Ez, ez dugu hitz egin estatus berriaz», esan du Estebanek, aurretik Anduezak aurreratu duena berretsiko ote zuen galdetu diotenean. «Badaude eremu diskretuagoak gai hori jorratzeko», esan du.
EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk adostu dezaketen estatutu berrian «urratsak» egiten ari direla ziurtatu du Estebanek, «gai konplexua eta delikatua» dela, eta negoziazioak «dagokion denbora» beharko duela «hiru alderdiak» ados egon daitezen. Estebanek ohartarazi du ez duela «gai horri buruz gehiago berba egingo». Ulertzen du kazetariek galdetzea, baina gai hori ez dute «bihar goizerako» itxiko. EAJko buruak uste du «baikor» izan behar dela, baina denborak aurrera egin ahala ikusiko dela martxan diren negoziazioek emaitzak emango dituzten ala ez. «Ez dugu zertan egintzat jo, ikusiko dugu».
«[Estatus berria] gai konplexua eta delikatua da; ez dugu zertan egintzat jo, ikusiko dugu»
AITOR ESTEBANEAJko presidentea
Aurreko egunetan, EH Bilduko Espainiako Kongresuko eledun Mertxe Aizpuruak ziurtatu zuen negoziazioetan asko aurreratu dela, baina Estebanek ur hotza bota dio aurreikuspen horri. «Alderdi bakoitzak bere eremuak ditu gai hori jorratzeko. Aurrepausoak eman dira, baina bide luzea geratzen da», esan du, eta Aizpuruaren informazioa zalantzan jarri du: «Aizpuruak ez du xehetasunen berri, nik bai».
AHTaren auzia ere ez
PSE-EEko idazkari nagusi Anduezak ildo beretik egin ditu adierazpenak Sabin Etxetik ateratzean. «Gai horri dagokionez, onena diskrezioa da. Badago denbora aurrera egiteko, baina uste dut oraindik denbora falta dela adostasunak lortzeko. Asko dugu hitz egiteko, eta asko lantzeko».
«Oraindik denbora falta da adostasunak lortzeko. Asko dugu hitz egiteko, eta asko lantzeko»
ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia
Halaber, Anduezak esan du bileran ez dutela AHTaren inguruan hitz egin. Gasteiz eta Ezkioko loturen auzi horrek ika-mika eragin du alderdi bien artean; izan ere, orain gutxi Anduezak kargu hartu zion Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Hura inoiz baino argiago aritu zen Ezkioren alde elkarrizketa batean, betiere azken txostenen zain daudela erantsita, eta Anduezak esan zuen «belarritik tira» egingo ziola. Oso gaizki hartu zituzten hitz horiek EAJn, baina gaurko batzarrean ez da gaia hizpidera ekarri, eledun biek ziurtatu dutenez.