Bizkaia

EAJ izango da Trapagarango alkatetzan, Bilduren babesarekin

Elorrion PPren babesa jaso dute jeltzaleek. Lanestosan PSEk Bilduri eman dio botoa, koalizioaren alkatetza ahalbidetuz. Sozialistek Barakaldoko alkatetzari eutsi diote alderdi bakoitzak bere alkategaiaren alde egin ondoren. Lemoan PSE-EEk ez dio babesa eman EAJri eta Bilduk hartu du alkatetza, baita Sopelan eta Muxikan ere. 

2011ko ekainaren 11
17:11
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk Bilduren babesa jaso du Trapagan, PSE-EE alkatetzatik at uzteko. Sozialistak izan ziren zerrenda bozkatuena, baina jeltzaleen eta koalizioaren baturak gehiengo osoa eman dio EAJri.

Elorrion ere alkate jeltzalea izango dute, PPren babesarekin. Bildu izan zen alderdi bozkatuena hauteskundeetan, baina EAJk gehiengo osoa lortu du.  Carlos Garcia PPren alkategaiak esan duenez, EAJk eta biek "bizitza eta bakea" defendatzen dutelako eman die botoa jeltzaleei. Ana Otaduy izango da alkatea.  Bilduk eta EAJk zinegotzi kopuru berdina lortu zuten hauteskundeetan. Azken legegintzaldian ANV izan da alkatetzan.

Basauri ere EAJren esku geratu da azken urteetan agintean PSE-EE egon eta gero. Jeltzaleak alderdi bozkatuena izan ziren bozetan.

Barakaldok gotorleku dirau PSE-EErentzat

PSE-EEk Barakaldoko alkatetza berretsi du, eta horrenbestez Tontxu Rodriguezek bere hirugarren legegintzaldia beteko du. Halere, ez du gainontzeko alderdien babesik jaso, beste alderdiek bakoitzak bere zerrendaburuari eman baitio bozka. PPk bere hautagaia aurkeztuko zuela iragarri zuen, eta agian besteen botoekin Rodriguezi alkatetza kentzea espero zen. Ermuan ere PSE-EErentzat izango da alkatetza.

Lanestosan BIlduk PSE-EEren babesa izan du, eta EAJ alkatetzatik kanpo utzi du. Bilduk eta eta PSE-EEk bina ordezkari zituzten, eta jeltzaleek hiru, baina sozialistek koalizioa babestu dute eta EAJ gobernutik at utzi. Jose Antonio Pastor PSE-EEren idazkari nagusiak zinegotzi kargua uzteko eskatu die Bildu babestu duten bi zinegotziei.

Markina-Xemeinen Aralarren babesa jaso du Bilduk, eta Juanjo Txurruka koalizioaren alkategaia EAJren alkategaiari gailendu zaio. EAJk eta Bilduk bosna ordezkari zituzten, baina jeltzaleak izan ziren alderdi bozkatuena. Gauzak hala, Aralarren ordezkari bakarrak eman dio gehiengo osoa Bilduri.

Lemoan, Sopelan eta Muxika EAJk ez du PSE-EEren babesik izan

Lemoan Bilduren hautagai Saioa Elejabarrietak hartu du alkatetza. Koalizioak eta EAJk berdindu egin zuten hauteskundeetan zinegotzi kopuruan, bosna, eta gaur norberak bere hautagaiari bozkatu dio, baita PSE-EEK bereari ere. Beraz, Bildu izan zenez zerrenda bozkatuena, Elejabarrietak orain arte EAJren esku zegoen alkatetza hartu du.

Sopelan ere Bilduko alkatea izango dute legegintzaldian: Saioa Villanueva. EAJk eta Bilduk zazpina zinegotzi eskuratu zituzten, baina EAk Alternatibak eta independenteek osatzen duten koalizioa izan zen zerrenda bozkatuena. EAJk PPren babesa izan du bozkan, baina ez du gehiengo osoa lortzerik izan, eta horrenbestez zerrenda bozkatuenak hartu du aginte makila.

Muxika Garbi udal alderdiaren botoari esker, Bilduk eskuratu du Muxikako alkatetza. Iñaki Markuerkiaga Muxika Garbiko zinegotziak Bilduren aldeko botoa eman ostean, EAJk Muxikako gidaritza galdu du eta alkate berria Aitor Goldaraz izango da. Bilduk aldeko bost boto izan ditu eta EAJk, berriz, aldeko lau boto. Goldarazen ustez, iraganeko akatsak alde batera utzita, "elkarlanaren bidea" hartu behar du udalbatzak herriaren mesedetan lan egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.