Martxoaren 22an, Sabino Arana fundazioak eta Orekik Kultura demokratikoan sakontzen burujabetzaren bidetik izeneko mintegia antolatu zuten Bilbon, demokraziaz eta burujabetzaz gogoeta egiteko. Parte hartu zuten adituetako bat da Iñaki Goiogana Mendiguren historialaria (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Hari egokitu zitzaion atzera begiratzea eta auziaren erroak abertzaletasunaren bilakaera historikoan azaltzea.
Goioganaren tesia da 1930eko hamarraldian EAJk «hirugarren bideari» eutsi ziola, garai hartan Europan indarra hartzen ari ziren bi joera ideologiko nagusien aurrean —faxismoa eta komunismoa—, eta hirugarren bide horrek bere egin zituela ideia sozial kristauak.
Askotan aipatzen da EAJk berriztatze eta gaurkotze moduko bat izan zuela Espainiako Errepublikaren garaian.
Hala da. EAJ zatituta iritsi zen Primo de Riveraren diktaduraren amaierara, baina hor bazetorren belaunaldi berri bat, zatiketa hori ezagutu zuena baina ez zatiketa hori ekarri zuten arrazoiak, eta Espainiako Errepublika iritsi arteko tarte hori alderdia bateratu nahian ibili zen. Bateratze hori ez zen egun batetik besterakoa; hilabete batzuk behar izan zituen.
Berriztatze hori alderdiaren gizarte arloko planteamenduetara ere iritsi zen?
Bai. Errepublikaren garaian, EAJren lehentasuna estatutua lortzea zen. Baina Lizarrako estatutuaren egitasmoak porrot egin ondoren, jeltzaleak hasi ziren konturatzen gakoa, estatutua ez ezik, horren edukiak ere bazirela, eta Euskal Herrirako zeukan proiektu horrek eduki sozialak izan behar zituela. Estatutuak gizartea hobetzeko tresna izan behar zuen, eta horrek ezinbestean atal sozial bat eduki behar zuen.
Zeintzuk ziren atal sozial horren ezaugarriak?
Hor EAJk erdibide bat hartu zuen, eskuinekoa ez zena, ezta ezkerrekoa ere; alde batetik, bere burua bereizi behar zuelako Euskal Herriko gainerako indar politikoen aurrean, eta, beste aldetik, indar katolikoa zen neurrian sinesten zuelako garaiko entziklika sozial kristauek ezarritako bidean, eta, beraz, bat egin zuen Europan garatzen ari ziren ideia sozial kristauen ildoarekin.
Abertzaletasuna ideia sozial kristauetara hurbiltzeko prozesu horretan zer rol jokatu zuen ELAk?
ELAk eragina izan zuen. Beharbada, ez zen eragin zuzena izan, baina ELAk Errepublika garaian bide obrerista hartua zuen. Sindikatu kristaua izanda, gainerako sindikatu katolikoetatik aldenduta zegoen, eta, era berean, UGT eta CNTtik desberdindu behar zuen bere burua. ELAk ere hirugarren bidea hartu zuen. Horrek ez du esan nahi ELAren eta EAJren artean okasiorik sortu ez zenik; izan zituzten euren gorabeherak, baina biek gertuko dute erdibide bat: entziklika sozial kristauetan oinarritutako ideiak garatu zituzten.
Ezkerreko indarrek proposatutako kolektibismoaren aurrean, klase ertainen garapena bilatzen zuten: langileak trebatu, ondasunen jabetza eman eta lantegietan kudeatzaile bilakatu. Ez da ezkerrak bilatzen zuen kolektibismoa, ezta eskuinak defendatzen zuen liberalismo hutsa, ezpada Europan garatzen ari zen katolizismo sozial progresistaren ildoa.
Jeltzaleek eta Errepublikaren aldeko ezkerreko indarrek mesfidantzaz hartzen zuten elkar. Zergatik?
Euren arteko konponezinik handiena erlijio kontuekin lotuta zegoen, eta bereziki laikotasunarekin. EAJ alderdi katoliko militantea zen, izenean agertzen den JEL (Jaungoikoa eta Lege Zaharra) horretatik hasita, eta laikotasuna ez zuten onartzen; laikotasuna, antiklerikalismo modura ulertuta, alderdi katolikoek hala ikusten zutelako laikotasuna. Eta ezkerreko indar errepublikanoek, berriz, eskumako alderdi klerikal moduan ikusten zuten EAJ.
Noiz hasi ziren mesfidantza horiek desagertzen?
1931ko hauteskundeetan, EAJ eskuineko tradizionalistekin batera aurkeztu zen, baina biurteko beltza izenekoa iritsi zenean, eta batez ere 1934ko urriko iraultzarekin, gauzak aldatzen hasi ziren. Ez dut esango EAJ eta ezkerra hurbildu zirenik, baina haien arteko hormak apurtzen hasi ziren.
Eskuinak EAJri eta ELAri leporatu zien iraultza horretan parte hartu izana. Egia da jeltzale batzuek eta batez ere ELAko kide batzuek parte hartu zutela, zuzenean edo zeharka, baina ez zen alderdiaren edo sindikatuaren erabaki baten ondorioz izan. Dena dela, ostean abiarazitako errepresioaren erpekadak iritsi zitzaizkion EAJri: espetxeratzeak egon ziren, Euzkadi egunkaria itxi zuten eta abar. Baina, batez ere, eskuinaren herra iritsi zitzaion EAJri: oso gogor jo zuten EAJren kontra. Horren ondorioz, jeltzaleak eskuinetik urrundu ziren, eta ezkerrarekin zituzten mesfidantzak leuntzen hasi ziren.
Nola azaldu daitezke EAJren sektore batzuetan izandako zalantzak 1936ko uztaileko kolpe militarraren inguruan?
Hori orduko ikuspegitik aztertu behar da. Militarrak jagi zirenean, ez ziren jagi gerra bat egiteko, ezpada ze estatu kolpe bat emateko. Kolpeak huts egin zuen, eta Errepublikaren ahaleginek hura amatatzeko ere bai; berdinketa moduko bat gertatu zen, eta orduan hasi zen gerra. Baina lehen ordu haietan EAJren jarrera izan zen ikustea zer gertatzen zen, horren aurrean zelan erreakzionatu erabaki ahal izateko. Egunean bertan ikusi zuten ez zegoela modurik batzuek edo bestetzuek garaitzeko, eta uztailaren 19an ohar bat argitaratu zuten Euzkadi agerkarian esanez euren betiko balioei eutsiko zietela. Ez zen erabateko lerrokatzea, baina ia erabatekoa.
Erabaki horretan batzuk bidean gelditu ziren. Luis Aranak eta Eli Gallastegik esan zuten hura ez zela euskaldunen gerra eta ez batzuekin eta ez besteekin ez joateko, eta Jose Artetxek jo zuen bere ustez Elizaren interesak hobeto defenditu behar zituen aldera. Baina nik esango nuke EAJk %90etik gorako adostasunarekin hartu zuela erabakia.
Zure ustez, Errepublika garaiko EAJren programa demokristautzat jo daiteke?
Bai, inolako dudarik gabe. EAJ kristaua zen, eta demokrata ere bai, baina, gainera, bide sozial kristaua garatu zuen. Agirrek Gernikan zin egin zuenean onartutako gobernu programa ikustea besterik ez dago. Lehenengo puntua, noski, gerra irabaztea zen, baina ondoren, jite sozial kristauko neurri asko agertzen dira: askatasun zibilak errespetatzea,landa eremuko maizterrak baserrien jabe egiteko bideak jartzea, langileek fabriken kudeaketan parte hartzea eta abar.
Iñaki Goiogana. Historialaria
«EAJ jabetu zen bere proiektuak eduki sozialak behar zituela»
Espainiako Errepublikaren garaian bilakaera handia izan zuten euskal nazionalismoaren planteamendu sozialek; Goioganaren ustez, EAJk «hirugarren bidea» hautatu zuen, ideia sozial kristauak bere eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu