UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

EAJ nagusi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EiTB Focus inkestaren arabera

Hiru Batzar Nagusietan EH Bildu litzateke bigarren indarra.

Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkura bat, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2018ko ekainaren 5a
16:27
Entzun

EiTBrentzat Gizaker etxeak eginiko inkestaren arabera, EAJk irabaziko ditu 2019ko maiatzeko foru hauteskundeak. Araban, Gipuzkoan nahiz Bizkaian lirateke jeltzaleak indar bozkatuena, eta, hiruretan, EH Bildu litzateke bigarren indarra. Haatik, bi indar horiek dira hiru lurraldeetan gora egiten duten bakarrak, behera egingo bailukete PSE-EEk, Ahal Dugu-k eta PPk. 1.750 pertsona galdekatu dituzte maiatzaren 14a eta 21a bitartean horien boto-asmoaren berri jakiteko.

Araban, lau puntu egin lezake gora EAJk, 2015eko bozetan jasotako botoen %22tik %26,2ra. Orduan, bigarren indarra izan zen EAJ boto portzentajean, %22,4 eskuratu baitzituen PPk. Alderdi hori, ordea, %18ra jausiko litzateke, eta lehen indarra izatetik hirugarrenera igaro. Bigarrena EH Bildu litzateke, %20,7 bototik %22,6ra hazita. Behera egingo lukete PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek ere. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia herritarren %48,5ek ezagutzen dute, eta hamar puntutik seiko balorazioa du.

Bizkaian duen nagusitasuna handitu egingo luke EAJk. %38,2 bototik %43,3ra hazi liteke; EH Bilduk ere gora egingo luke %0,5 (%19,7), eta behera Ahal Dugu-k (%14,8tik %12,2ra), PSE-EEk (%12,7tik %11,5ra) eta PPk (%8,3tik %6,3ra). Herritarren %62,1ek ezagutzen dute Unai Rementeria ahaldun nagusia, eta 6,7 puntu ematen dizkiote.

Gipuzkoan da EAJ gehien haziko litzatekeen lurraldea, 6,8 puntu (%38,8raino). Bigarren postua sendotuko luke EH Bilduk, %29,3tik %30,7ra igarota, eta PSE-EEk, Ahal Dugu-k eta PPk egingo lukete behera. Markel Olano da ahaldun nagusietan ezagunena (%77), eta herritarrek sei puntuko balorazioa egiten dute haren jardunaz.

EiTBk atzo zabaldu zuenez, Bilboko eta Donostiako udaletan ere nagusituko litzateke EAJ, eta PPrekin berdinduko luke Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.