EAJk iradoki du bozen deialdia aurreratu egingo dela

Koldo Mediavilla EAJko Erakunde arduradunak esan du «estatuko giro garratza kutsatzea» eragozteko xedea izango duela Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunak.

(ID_13462953) (/EZEZAGUNA) media
Koldo Mediavilla. EAJ
xabier martin
2024ko urtarrilaren 2a
13:00
Entzun

Urte bukaerako mezu instituzionalean ere, Iñigo Urkulllu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak garbi utzi du legealdia ez dela amaitu, nahiz eta ziklo aldaketa ate joka dagoen, haren errelebo Imanol Pradalesen izendatze prozesua aurrera doan honetan. Gasteizko ganberak zenbait lege onartzeko ditu oraindik, Urkulluk aldiro gogoratzen duenez, eta hauteskundeen deialdiaren inguruan ez du hitz egin nahi, ezkutuan eutsi baitie berea duen eskumen garrantzitsu horren ingurukoei. Baina, dagoeneko, ezustea litzateke bozak hilabete batzuk ez aurreratzea; EAJ bera ari baita aukera horri indar ematen.

Koldo Mediavilla EAJko Erakunde arduraduna izan da hauteskunde aurrerapenaren aukera hauspotu duen azken gidari jeltzalea. Onda Vasca irratian esan du «estatuko giro garratza kutsatzea» eragozteko helburua izango duela hauteskunde deialdiak. Europako Parlamenturako hauteskundeak ekain hasieran izango dira, eta aurreikus daiteke PSOEren eta PPren arteko polarizazioak baldintzatuko dituela. Beraz, Espainiako giro horri izkin egiteko xedez jarriko die Urkulluk egun zehatza Eusko Legebiltzarrerako bozei, Mediavillak adierazi duenez. Hala, indarra hartzen ari da bozak apirilean izango diren ustea.

Nolanahi ere, gidari jeltzaleak Urkulluk markatutako bideari jarraitu dio, azpimarratu baitu legealdia ez dela amaitu, eta «lehendakariak bozetara deitu arte» ez dela amaituko. Deialdi hori egin aurretik, aurreratu du Urkulluk «batez ere estatuko testuinguru politikoa» aztertuko duela, muturreko jarreren giro horrek «baldintza» baitezake «euskal esparrua» ere; «ez litzateke ona izango».

Abisua PSEri

Hauteskunde deialdiaz ez ezik, Mediavilla aliantza politikoei buruz ere aritu da, PSNk eta EH Bilduk Iruñeko Udalean egindako ituna itzal luzekoa izaten ari baita. EAJko buruzagiaren arabera, bozen ondoren jeltzaleek eta sozialistek beren paktuari segida ematea izango litzateke «onena», «kopuruek modua ematen badute». Mediavillak espero du PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigai Eneko Anduezak bere hitza betetzea eta EH Bildurekin akordiorik ez egitea.

Izan ere, azken asteetan, Anduezak sarritan helarazi du PSEk ez diola bide emango EH Bilduko lehendakari bat izateari. Badaezpada, Mediavillak esan dio ez bilatzeko «katuari bost hanka», eta gogoratu dio zer gertatu zen Patxi Lopezekin, PPren babesa lortu baitzuen lehendakari bihurtzeko, «hauteskunde aurretik egindako promesa» alde batera utzita.

Horiek horrela, bozetarako egunik ez du ezarri oraindik Urkulluk, baina hauteskunde giroa nabarmena da, eta nabarmenagoa izango da aurrerantzean. Hala ere, EBBko kide Mediavillak errieta egin die «buruan hauteskundeak bakarrik» dituztenei. «Badira politikari batzuk goizean jaiki eta hauteskundeen iparrorratza hartzen dutenak lerroburu bat lortzeko, abantaila politiko bat lortzeko, nola edo hala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.