Alderdiak

EAJk «alderdi indartsua, batua eta ondo kokatua» aldarrikatuko du Alderdi Egunean

Irailaren 24an ospatuko dute, Forondan. Gaur aurkeztu dute.

Mireia Zarate eta Julen Antoñana gaur, Forondan (Araba), Alderdi Egunaren aurkezpenean. EAJ
2023ko irailaren 17a
19:01
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk iraileko azken igandean ospatuko du 47. Alderdi Eguna, Forondan (Araba), Batzen gaituen eguna lelopean. Han aldarrikatuko dute «EAJ indartsua» behar dela, «Euzko Alderdi Jeltzale batua, ondo kokatua Euskadiko taula politikoan, baina baita Estatuan eta Europan ere». Izan ere, jeltzaleen iritziz, «garai politiko esanguratsuak» dira. Gaur aurkeztu dute ekitaldia Mireia Zarate EBB Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak eta Julen Antoñana EGIko kideak.

Alderdikideei Forondan biltzeko deia egin diete, eta azaldu dute hautatu duten leloaren zergatia: «Alderdi Eguna delako EAJ euskal hiritargoaren ongizatea bermatzeko eta gorenera eramateko tresnarik eraginkorrena dela sinesten dugunok batzen gaituen lokarria, aurrera egiten jarraitzeko Euskadi gure nazioaren askatasun osorako bidean».

Espainiako hauteskundeetan ez zituen emaitza onak lortu EAJk, eta gogorarazi dute epe laburrean erronka garrantzitsuak dituztela. «Madrilgo Gobernua eratzeko negoziazioez gain, legealdiaren amaiera izango dugu Euskadin, datorren udaberrian euskal hauteskundeak izango baititugu», gogorarazi dute. Horregatik, alderdia indartsu behar dutela aldarrikatu dute. «Hauteskunde hauetan EAJ euskal gizartearen aurrean aurkeztuko da apaltasun osoz, baina bere konfiantza berriz ere eskatzeko anbizioarekin, herri hau lideratzen jarraitzeko eta Euskadi, egunez egun, bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko gero eta toki hobea egiten jarraitzeko».

Jaia eta ospakizuna

Irakurketa politikoaz egiteaz gain, irailaren 24an Forondan antolatu duten ekitaldiaren xehetasunak ere eman dituzte. Ekintza ugari izango dira «adin guztietako lagunentzat eta zaletasun guztietan pentsatuta»: puzgarriak, rokodromoa, tirolina, paintballa, herri kirolak, erromeria, disko festa...

Jeltzaleen arabera, «aurtengoan ere zenbakiak benetan ikusgarriak dira»: «90 boluntariok hiru aste daramate lanean jai handi hori antolatzen. Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, 130.000 metro koadroko zabalera hartuko du jaiguneak, 25.000 metro koadroko zabalera hartuko dute karpek, eta gainerakoa aparkalekuetarako eta zerbitzuetarako erabiliko dugu. 22 txosna eta 140 jantoki instalatuko dira, eta 20.000 bazkari emango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.