Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier Euskal Herrian da, Gernikako bonbardaketen biktimak omendu eta Alemania naziak izandako parte hartzeagatik barkamena eskatzeko. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu ostean, harekin izan da Gernikan (Bizkaia) ere. Begiradak, baina, omenaldian egon den beste autoritate nagusian ere egon dira jarrita: Felipe Borboikoa Espainiako erregearengan. EAJk, esaterako, Steinmeierrek egindakoaren pareko zerbait egiteko eskatu dio hari ere. Irmo mintzatu da Aitor Esteban EAJren eleduna: Borboikoari egotzi dio Gernikara etorri eta ez barkamena eskatzea, edo «aitortza nazionalik» ez egitea. Hain zuzen, Espainiako erregeak horretarako aukera du, Steinmeierrekin batera Bakearen Museoan izango baita, eta han bonbardaketen biktimekin elkartuko baitira.
Steinmeierrek Araban ekin dio Euskal Herrian egiten ari den bidaiari. Forondako aireportuan jaso du Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, eta handik Ajuriaenera joan da, Pradalesekin elkartzera. Biek hartu dute segidan Gernikarako bidea. Iragarri baino geroago joan dira, baina, eta ordubete baino gehiago atzeratu da bonbardaketen biktimei Zalloko hilerrian egindako omenaldia. 12:00etarako zegoen iragarria.
Ekitaldi solemnea eta laburra izan da hilerrikoa. Motza, baina bi estatuburuen arteko aldeak nabarmentzeko nahikoa. Izan ere, lore sorta bakarra jarri dute bonbardaketen biktimen omenezko mausoleoan: Alemaniako Estatuko ordezkariek eramandakoa. Steinmeier izan da mausoleora gerturatu, makurtu eta diosala egin duen bakarra ere. Bitartean, Borboikoa geldirik egon da bere lekuan.Â

Inguruan, beste ordezkari instituzional eta politiko ugari ere izan dituzte. Pradales eta Tejeria soilik ez, han izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako buruak, baita alderdi politiko gehienen ordezkariak ere; besteak beste, EAJren EBBko presidente Aitor Esteban, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza, EAEko PPko buru Javier de Andres eta Sumarreko koordinatzaile Alba Garcia. EH Bilduk, berriz, uko egin dio ekitaldian parte hartzeari, Espainiako erregearen parte hartzea dela medio.
Hain zuzen, koalizio subiranistak deituta, protesta egin dute gaur eguerdian, Memoria eta Antifaxismoa. Euskal errepublika lelopean. Mobilizazioan, hitza hartu du Oskar Matute koalizio subiranistak Espainiako Kongresuan duen diputatuak, eta berretsi du Borboikoa ez dela ongi etorria Euskal Herrian: «Franco eta frankismoa dira Gernikan gertatutakoaren erantzuleak, eta horien oinordekoak dira Felipe VI.a, PP eta Vox. Proiektu bera ordezkatzen dute». Matutek «bloke erreakzionario» gisa definitu ditu, esanez horien xedea dela «garai ilunetara» itzultzea. Hala, eskatu du horien arteko bereizketari ez egiteko, eta «ekidistantzia eta zuriketa» oro baztertzeko.
«Franco eta frankismoa dira Gernikan gertatutakoaren erantzuleak, eta horien oinordekoak dira Felipe VI.a, PP eta Vox»
OSKAR MATUTEÂ EH Bilduko diputatua
Hain zuzen, bloke horren aldean, antifaxismoa eta «memoria oso bat» aldarrikatu ditu EH Bilduko ordezkariak, eta gogoratu du bonbardaketen biktimak aitortzea Euskal Herriaren eskaera bat izan dela hamarkadatan. Aurrera begira, berriz, adierazi du euskal errepublikaren alde egitea dela auzi horri erantzuteko modua: «EH Bilduk bere konpromisoa berresten du: biderik eraginkorrena gizon eta emakume libre eta berdinen euskal errepublika da».
Koalizio subiranista ez da erregearen jarreraz kexu azaldu den bakarra. EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek eskertu egin du Steinmeierren jarrera, baina ez du ulertzen Felipe Borboikoa Gernikara haren «laguntzaile soil» gisa bertaratu izana, eta Alemaniako presidenteak egindakoa egiteko exijitu dio hari ere. Jeltzalearen esanetan, ez da argudio baliagarria adieraztea egungo erregimena eta 36ko estatu kolpearen osteko diktadura ez direla gauza bera.

Batetik, Estebanek esan du Steinmeierrek ere ez duela loturarik naziekin, baina barkamena eskatzeko joan dela Gernikara. Bestetik, gogoratu du, Alemanian ez bezala, Espainian ez zela hausturarik izan diktaduraren ostean, trantsizio bat baizik: «Francok ezarritako monarkia batekin egin zen trantsizioa».
Era berean, EAJko buruak gogoratu du Espainiako errege batek —Juan Carlos Borboikoak— 1981ean bisitatu zuela azken aldiz Gernika, eta gehitu du ezin dela hainbeste urteren ostean beste bidaia bat egin keinurik ez egiteko. Are gutxiago Gernikaren gisako herri bat bada, euskal herritarrentzat hain garrantzitsua den eta «munduko leku askotan izan diren basakeria eta injustiziak» ordezkatzen dituen leku bat. «Ganorazko zerbait egin behar da. Euskadira autogobernu gehiago ekarri, haren naziotasuna aitortu edo barkamena eskatu», azaldu du.
«[Erregearen bisita] Ganorazko zerbait egin behar da. Euskadira autogobernua ekarri, haren naziotasuna aitortu edo barkamena eskatu»
AITOR ESTEBANÂ EAJren EBBko presidentea
Anduezak, berriz, ez du uste Madrilek halakorik egin behar duenik. Argi du egungo Espainiako Gobernuak ez duela «barkamenik eskatu behar» Gernikako bonbardaketen harira, eta txarretsi egin du diktaduraren eta egungo erregimenaren arteko lotura egitea: «Egungo gobernu aurrerakoia diktadurarekin lotzeko hari bat ezarri nahi izatea historiaren begirada miope baten irudia soilik izan daiteke». Haren esanetan, «oportunismo politikoa» dago halako jarrera baten atzean, eta, eskuin muturra gora egiten ari den garai batean, «1978ko itunaren fruitu» diren erakunde publikoen «sinesgarritasuna» zalantzan ez jartzeko eskatu du.
«Zuriketa»
GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta, dozenaka gaztek protesta egin dute Espainiako erregea eta Alemaniako presidentea etortzekoak zirela eta. «Diplomazia ariketatzat» eta «aurpegia zuritzeko» egitasmotzat jo dute ekitaldia, eta biei aurpegiratu die «Europaren agenda gerrazalea babestu eta estatuen autoritarismoranzko joera indartzea». Felipe Borboikoari dagokionez, koordinakundeak gogoratu du 78ko erregimena frankismoaren «jarraipena» dela, eta Francok ezarri zuela monarkia bera, «estatuko sektore erreakzionarioen erreferentzia eta sinboloa». Steinmeierri, berriz, aurpegiratu diote NATOren eta Israelen babesle lanetan aritzea. GKSren esanetan, aldi berean Gernikan hildakoak gogoratzea eta Palestinako hilketak babestea «hipokrisia ariketa bat» da.

Â