«Aberri bizia gara, denboran biziraun duen hizkuntza zaharra duena. Horixe da igande honetan aldarrikatuko duguna, aberri bizia garela eta aberria egunero bizi dugula». Horrela mintzatu da Maider Irujo EGIko Euskara eta Kulturako arduraduna, EAJk Bilbon ospatuko duen Aberri Egunaz. Aberri bizia leloa hautatu dute aurten, eta Bilboko Plaza Barrian eginen dute ekitaldi politikoa, igandean, 11:30ean.
Gaur aurkeztu dute EAJren 94. Aberri Eguna. Irujorekin batera, bertan izan da Javi Ollo EBBko Lurralde Antolamenduko arduraduna. Ollok adierazi du igandea egutegian «gorriz» markatutako eguna dela jeltzaleendako, «bizitzeko eguna»: «Garena gogoratzeko, ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna». «Euskadi lurralde bat edo izen bat baino gehiago da. Bertan bizi den eta Euskadi bere baitan sentitzen duen pertsona bakoitzaren taupadan dago, dagoen lekuan dagoela», gehitu du.
Hautatu duten leloaren zergatia esplikatu du Irujok: «Gogora ekartzen digu herri gisa historian zehar izan diren gertakariak nola sentitu ditugun. Aurretik daukagun etorkizunaz ere hitz egiten digu, herri bizia etorkizuna duen herria delako».Â
Manifestua
Aberri Egunerako prestatu duten manifestuan, berriz, mundua aldakorra dela gogoratu dute, nabarmenduta herri guztiek ez dituztela aldaketa horiek berdin sentitzen. «Herri batzuek sufritu egiten dituzte. Beste herri batzuek, ordea, bizi egiten dituzte. Eta badira herri batzuk, gurea bezala, ziurgabetasunaren erdian ere, beren patu propioari aurre egiten diotenak kontzientziarekin, memoriarekin eta borondate politikoarekin», adierazi dute.
Bada, aldaketak aldaketa herri horrek «oinarrizkoenari» eutsi diola diote: sustraiak, hizkuntza, ondare kulturala eta nazio gisa bereizgarri duten nortasun politikoa. «Ez baikara beste barik egonean geratu den herria. Bizi izan den eta bizi den herria gara. Eta hor dago gako nagusia: aberria bizi egiten da. Aberria bizi», erran dute.Â
Aurten foruak desegin zituztenetik 150 urte bete direla gogoratuta, adierazi dute foruak direla «Estatuarekiko harremanetarako estatus politiko berria lortzeko oinarri legitimatzaile historikoa».Â
Lehenbiziko Aberri Egunak ere gogoan izan dituzte manifestuan, eta erran dute pertsona haiek ez zutela «soilik ideia bat defendatzen»: «Euskal aberria kalean bizi zuten, komunitatean, konpromisoz. Ez zuten existitzeko baimenik eskatzen: beren herri izaera Europako gainerako herrien eskubide beretan baieztatzen zuten».Â