EAJk eta PSE-EEk ez dute begi onez hartu PPk Hauteskunde Legea aldatzeko egindako proposamena. Josu Erkorekak (EAJ) esan du proposamena ez dela «egokia» jada ez dagoelako ETAren «presiorik». Txarli Prietok (PSE-EE), berriz, gaia «publizitate moduan» erabiltzea egotzi dio PPri, eta «zerbait serioa» egin nahi badu, proposamena Espainiako Gorteetara eramateko eskatu dio. Gutxienez bost urtez Euskal Herrian bizi izan eta ETAren «mehatxuagatik» alde egin zutenek bertan bozkatu ahal izatea nahi du Espainiako Gobernuan den alderdiak.
Espainiako Kongresuan EAJren bozeramaile den Josu Erkorekak, ABC Punto irratian eginiko elkarrizketa batean, ez du ukatu «presio terrorista horrek» pertsona bat baino gehiago Euskal Herria uztera behartu duenik. Hala ere, ez du «egoki» ikusten azken hogeita hamar urteetan egin ez dena orain egitea: «Hain zuzen, orain ETAren jarduera armatuaren behin betiko etenak nahi duen guztiari ahalbidetzen dionean bizilekua Euskadira mugitu, bertan erroldatu eta bozkatzea». Gogoratu du Fernandez Diaz Barne ministroak berak ere aitortua duela ETAren erabakiak «atzeraezina» dirudiela, eta barne zatiketarik gertatzea «pentsaezina» dela. Gainera, bozeramaile jeltzaleak dio egin nahi diren aldaketek ez dutela «berme nahikorik» ezartzen eta iruzurraren ateak irekita uzten dituela.
Ermuko Foroak eman duen 200.000 hautesleko zifrari buruz galdetuta, Erkoreka ziur agertu da kopurua txikiagoa dela, eta adierazi du hori baieztatu ahalko dela, proposamena «gardentasunez» gauzatzen bada.
PPk adostasuna lortzeko duen asmoari dagokionez, Erkorekak salatu du lehenago ez dela ezer negoziatu, eta horrek zailtasun gehiago dakartzala akordioa erdiesteko.Hala ere, eta EAJk proposamenaren inguruan jarrera «oso ezkorra» duen arren, hitz egiteko prest dagoela esan du. Andoni Ortuzar BBBko buruak, aldiz, adierazi du PPk benetan alderdi jeltzalearekin hitz egin nahi badu proiektu hau baztertu egin behar duela. Izan ere, EAJ biktimen arretarako proiektu oso bat egitearen alde dagoela dio Ortuzarrek: «ETAk egindako mina konpontzeko oinarrizkoagoak eta beharrezkoagoak diren gauza asko daude egiteko. Ez diet biktima askori entzun hori eurentzat puntu garrantzitsua denik».
EAJ: «Hauteskunde iruzurra»
Hala, proposamenak, biktimenganako «konponketa neurri» bat baino gehiago, «hauteskunde iruzur» baten antza gehiago duela salatu du Ortuzarrek: «Proiektu honen aita pontekoak PP eta Basagoiti izan badira lehen unetik, errazena da pentsatzea atzean hauteskunde interes hutsak daudela; EAEn emaitza txarrak izatera kondenatua dagoen alderdi baten hauteskunde interesak».
PSE-EEren Arabako idazkari orokorrak, Txarli Prietok, gogoratu du Euskal Herritik alde egindako pertsonek bertan bozkatu ahal izatearen inguruko eztabaida «aspaldi» dagoela kalean. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak neurri hori «hauteskunde iruzur» bat izan litekeela esan ostean, Prietok «hau guztia zirku bat bihurtzeko PPren amarruan» erori izana leporatu dio Urkulluri. Halako baieztapenak baztertzeko eskatu du Prietok, eta «asaldatu diren guztiei» baretzeko eskatu die, gero beraiekin hitz egin ahal izateko. Prietok ohartarazi du ETAk «botatakoena» gai delikatu bat dela, eta ezin dela ikuskizun bilakatu ere: «Halako gauza bat, hiritarren eta alderdien arteko arazo bat bihurtu ordez, ikuspegi eraikitzaile eta demokratiko sakon batetik jorratu behar da». Hauteskunde Legea aldatzeko proposamena «bere buruaren mesedetan eta publizitatea egiteko» erabiltzea egotzi dio PPri.
Proposamenaren edukia kaleratu eta ordu gutxira, beste alderdi batzuek ere aipatu zuten iruzurraren ideia. EH Bilduren lehendakarigai Laura Mintegik esan zuen «herri honen borondatea itxuraldatu» nahi dutela, Hauteskunde Legea aldatuta.
EAJk dio orain ez dagoela trabarik «Euskadin bizi eta bozkatzeko»
PSEk esan du PP ez dela «seriotasunez» ari, eta «publizitatea» egiten ari dela Hauteskunde Legearen erreformarekinAlderdi jeltzaleak hauteskunde interesak ikusi ditu PPren proposamenaren atzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu