LABek salatu du Hezkuntza Legeak egungo ereduaren «gabeziak» iraunaraziko dituela

Sindikatuaren ustez, EAJk eta PSE-EEk «entzungor» egin diete eragileek egindako eskariei, eta «atea itxi» diote hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteari.

(ID_13403618) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2023-12-05, Gasteiz. LABek elkarretaratzea  egin du Gasteizko Parlamentuaren aurrean, EAJk e...
LAB sindikatuak Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldia, gaur goizean, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko abenduaren 5a
16:25
Entzun

EAEko Hezkuntza Legearen edukiei «ezezko biribila» eman die LAB sindikatuak, EAJk eta PSE-EEk hitzartu dituzten zuzenketak tarteko. Hala adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak gaur goizean Eusko Legebiltzarraren parean egindako agerraldian. Izan ere, hezkuntza sistema egokiago baterako «egiturazko neurriak» hartu ordez, Madrildik «ezarritako» sistema dualean sakontzen ari direla leporatu die sindikatuak bi alderdi horiei: «Legeak, egiturazko aldaketei atea itxi, eta egungo hezkuntza ereduaren gabeziak iraunaraziko ditu».

EAJk eta PSE-EEk «entzungor» egin diete eragileek egindako eskaerei, LABen iritziz: «Gurasoen, ikasleen, sindikatuen eta legebiltzarreko oposizioaren gainetik pasatu dira». Hezkuntza komunitatearen, gizartearen eta alderdien artean adostasun zabalak eraiki ordez, EAJk eta PSE-EEk euren interes «alderdikoiak» lehenetsi dituzte, sindikatuaren ustez.

Sindikatuko arduradunek gogora ekarri dute ekarpen ugari egin dituztela lege horren inguruan. Ekainean, legearen aurreproiektua plazaratu zenean, legebiltzarrean bi ekarpen erregistratu zituen. Batetik, hizkuntza ereduak gainditu eta euskarazko ikaseredu orokorra ezartzeko planifikazio bat eskatu zuten, eta, bestetik, hainbat zuzenketa egin zituzten sare publiko bakar eta deszentralizaturako trantsizioa egiteko prozesurako. Horiez gain, segregazioaren kontrako eta inklusioaren aldeko ekarpenak egin zizkion LABek aurreproiektuari. EAJk, baina, segregazioari aurre egiteko zenbait neurri kenduta, «ekarpen oro alboratu» du, eta lege berria osatzeko prozesuaren itxiera «kontserbadorea» ezarri, «PSE-EErekin aliantzak sendotzeko», sindikatuak salatu duenez.

Atzerapauso nabarmena hizkuntzan

Kontseiluarekin eta beste hezkuntza eragile batzuekin batera, belaunaldi berrien euskalduntzea sustatuko duen eredu «orokor eta inklusiboa» aldarrikatu du LABek. Izan ere, haien ustez, A eta B ereduek ez dute euskararen ezagutza bermatzen, eta D ereduak ere ez du guztiz euskalduntzen. Eta euskara aintzat hartzea da, hain zuzen ere, LABek hezkuntza lege berriari egin dizkion eskakizun nagusietako bat: «Segregazioari, diglosiari eta antzeko egiturazko arazoei aurre egitea, Euskal Herria aintzat hartzen duen Euskal Curriculuma egiturazko bilakatzea, eta hezkuntza eredu berri baterako trantsizioa abian jartzea».

LABen iritziz, baina, EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketek ez diote bide eman trantsizio horri. Areago, LABek uste du hizkuntzaren gaian «atzerapauso» nabarmena eman dutela. Belaunadi berriak euskalduntzeko «egiturazko neurriak» arautu beharrean hizkuntza ereduak legean propio aipatu izana kritikatu du.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrerari dagokionez, hiru eskakizun egin ditu LABek. Lehena: «publiko» abizena kentzea, beren nahia baita aldaketak lortzeko bitarteko bat izatea, eta ez baitute nahi zerbitzuaren sorrera bera izatea helburua. Bigarrena: eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa indartzeko egiturazko neurriak hartzea. Eta hirugarrena: ituntze unibertsala amaitzea, itundutako ikastetxeei betebehar zorrotzak ezarrita, eta ez betetzearen ondorioak finkatuta. Beste behin, haserre agertu dira alderdien erantzunarekin —edo erantzunik ezarekin—: «EAJ eta PSE-EE, eskakizunei muzin egin, eta itundutako ikastetxeen finantzaketa indartzen ari dira, trukean orain artekoak baino konpromiso zehatzagoak eskatu gabe».

Jangela ereduan ere, aldaketa eske

Gogora ekarri dutenez, ikasgeletan ez ezik, erabaki berriak beharrezkoak dira jangela ereduan ere. Azkenaldian begirada guztien jomugan daude jangelak, umeei kalitate eskaseko jakiak eman dizkietelako hainbat zentrotan. Neurriak hartzeko eskatu dio LABek Jaurlaritzari: «Azken asteetan azpikontratazioaren ondorio larriak agerian geratu badira ere, Hezkuntza Sailak ez dio gaiari heldu nahi izan orain arte».

Zerbitzua langile publikoekin eskaintzeko aukera aztertzeko eskatu dio, egungo prekaritate egoeratik benetako zerbitzu publiko baterako jauzia egiteko: «Gure haurren osasunarekin jolasean ari dira; eta, gutxi batzuek negozioa egiten duten bitartean, gainera, hezkuntzak funtzio berriak inposatzen dizkie jangelako langileei, horretarako prestakuntza nahikorik izan gabe eta ratioak aldatu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.