Espainiako estatuburu Felipe VI.aren Gabonetako hitzaldian adierazitakoek baino gehiago, esan gabe utzi zituenek eragin dute alderdien erreakzioa. EAJk egotzi dio «trantsizio demokratikoaren hasieraren» 50. urteurrenaz aritzean diktadurari eta urte haietako giza eskubideen urraketa larriei ez erreparatzea, ezta nazio auziari eta euskararen kontrako oldarraldiari ere aipamenik ez egitea. Ahal Dugu-k, berriz, egotzi dio Gazako genozidioa gogoan ez izatea nahiz eta «giza duintasunaz» hitz egin duen. EH Bilduk, berriz, uko egin dio iritzia emateari. «Euskal herritarrok ez dugu erregerik. Gora Euskal Errepublika», adierazi dute sare sozialetan.
Felipe VI.ak «elkarbizitzaren» aldeko mezu bat eman asmo zuen, eta, horretarako, iragana jarri zuen eredu gisa; zehazki, Francoren heriotzaren ostean irekitako epea. «Trantsizioa, beste ezeren gainetik, ardura kolektiboko ariketa bat izan zen», esan zuen. Erregeak ez zuen adierazi, ordea, Franco ohean hil zela, eta ezta hil aurretik Juan Carlos I.a, bere aita, estatuburu izendatu zuela ere. Eta trantsizioaren inguruko pasarteetan lekurik ez zuten izan Mikel Zabalzaren hilketak, Aldama auziak, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiak, 1981eko estatu kolpearen saiakerak... Hori guztia aurpegiratu dio Maribel Vaquero EAJren Espainiako Kongresuko eledunak erregeari.
Hain zuzen, argudio hori bera baliatu du EH Bilduk ere ofizialki iritzirik ez emateko. Koalizio subiranistaren arabera, Felipe VI.a «legatu frankista eta erreakzionarioaren oinordeko» baita, eta, horren aldean, euskal errepublika defendatu du.
EAJk, berriz, aldaketak eskatu ditu iraganaren inguruko egia argitu dadin. Vaquerok jeltzaleek Espainiako Gobernuari behin eta berriro egindako eskaera bat berresteko baliatu du erantzuna: 1968ko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea. «Dokumentu horiek desklasifikatu behar direla uste dugu, egia ezagutzeko. Sistema demokratiko baten oinarrietako bat delako egia ezagutzea», esan du eledunak.
Vaquerok, baina, ez du soilik iraganaren gaineko analisi kritiko bat egin, eta nazio auziari erreferentziarik ez egitea ere txarretsi dio Espainiako estatuburuari. «Euskal eta kataluniar nazioei inolako aitortzarik» ez egitea egotzi dio, eta euskararen kontrako oldarraldia aipatu ere ez egitea: «Batez ere, euskarak aurten izan dituen eraso horietaz zerbait esatea nahiko genukeen, oso eraso larriak izan baitira».
«Antidemokratikoa»
EAEko Ahal Dugu-k ere Espainiako Koroaren izaera «antidemokratikoa» nabarmendu du. Leticia Jimenez Antolakuntza idazkariak, baina, egungo testuinguruaz egindako analisia txarretsi dio gehienbat: «Zer erraza den elkarbizitzaz aritzea jauregi batean bizi zarenean». Hala, faxismoaren eta gorroto diskurtsoen arriskuez ez ohartaraztea kritikatu dio erregeari, eta leporatu egungo arazo nagusiez —etxebizitza, lan mundua, klima larrialdia— horiek «zerutik erori» balira bezala hitz egitea.
Era berean, Jimenezek leporatu dio «gizakiaren duintasuna» erdigunean jarri beharraz aritzea, baina Gazako genozidioari edota Europa sustatzen ari den berrarmatzeari aipamenik ez egitea: «Palestinar herria eta bakea defendatzea, eta gertatzen ari dena genozidio bat dela adieraztea da duintasuna, eta hori ezkutatzea ez da duina».
Bestelako iritzi bat eman du PPk. Esther Martinez EAEko Alderdi Popularreko idazkari nagusiaren ustez, erregeak «lezio zoragarri bat» eman zuen. Hark ontzat jo ditu trantsizioari egindako aipamenak, eta gehitu du belaunaldi hura «eredu» dela gaur egungoentzat.
2017ko urriaren 3a gogoan
Katalunian ere ez dute ontzat hartu Espainiako estatuburuaren hitzaldia. JxCk eta ERCk ez diete sinesgarritasunik eman Felipe VI.ak «muturren eta populismoen» gorakadaz esanei, gogoratuz hark 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren kontrako errepresioa defendatu zuela bi egun geroago egin zuen hitzaldian. «Indarkeriaren apologia egin eta botoa ematera doazen demokratak jipoitzera animatzen duen Europako estatuburu bakarretakoa da», esan du ERCko presidente Oriol Junquerasek. Bide beretik, JxCko idazkari nagusi Jordi Turullek esan du erregea bera dela «erradikalena».
ERCko eta JxCko ordezkariek Francesc Macia Generalitateko presidentearen omenaldian egin dituzte adierazpenak. Han izan da CUPeko Dani Cornella ere. Hark Kataluniaren kontrako «indarkeria borboia» txarretsi du: «Trantsizio faltsu hau salatzen segitzen dugu».
Galiziatik, berriz, BNGko diputatu Nestor Regok monarkiaren «anakronismoaren» adibidetzat jo du diskurtsoa: «Herritarren benetako kezketatik oso urrun dago».