Datorren astelehenean Patxi Lopezek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiekin eta Eudeleko presidentearekin dauka bilera Espainiako Gobernuak erabakitako murrizketak hiru lurralde horietan nola aplikatuko diren zehazteko, eta aurretik jada, alderdi gehienek euren jarrera agertu dute, besteak beste, EAJk. Joseba Egibarrek aurreratu duenez, Espainiako Gobernuak gastua murrizteko hartutako neurriek ez dute jeltzaleen babesa izango. "Beste gauza bat da arduratsu jokatzea, eta hori lor daiteke ezezkoa emanda hainbat neurriei".
Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian neurriok izango duten aplikazioari buruz, berriz, oso zaila dela barneratzea "transposizio automatikoa", baina EAJ prest dago gastuari eusteko ahaleginean parte hartzen. "Hor bai topatuko gaitu Jaurlaritzak".
Jose Mari Pastor PSE-EEko bozeramailea herritarrak lasaitzen saiatu da, esanez, Lopezek iragarriko duen aplikazioa ez dela Espainiakoa bezainbestekoa. Espainiako Gobernuak onartutako dekretua aplikatuko da, baina osagaiak hasiera batean ez direla ukituko esan du. Beste aldeetako bat pentsioetan dago, Pastorrek nabarmendu duenez: "Pentsio baxuenetan, gutxiengo ordainetara iristen ez direnetan, osagai autonomikoa izango dute. Euskadik "neurriak leuntzeko moduko egoera dauka".
=EA, Aralar eta Ezker Batua zerga sistemaren aldaketaren alde=b
Zerga sistemari buruzko eztabaida gehiegi atzeratzen ari da EAren ustez, eta hari buruzko "gogoeta sakona" egin beharra aldarrikatu du. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak esan duenez, bere alderdiak "sistema aurrerakoi eta progresiboaren aldeko apustua" egiten du, eta bide horretan ez doazen murrizketak ez dituzte onartuko. Espainiako Gobernuari "segidismoa ez egiteko" eskatu die EAJri eta PSEri. "Zerga eta finantza tresna nahikoa ditugu gure gobernuan, eta horiek erabili behar ditugu herritarren ongizatea ziurtatzeko".
Aralarrek ere zergen sistema aldatu beharrari ekin dio, eta hainbat proposamen egin ditu, gastu sozialari eragin gabe diru sarrerak handitzeko, besteak bestek, Ondareari buruzko zerga aldatzea, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igotzea errenta handiena dutenei krisiari aurre egiteko. Horrez gainera, proposatu dute Espainiako Gobernua Europako Batasuneko txandakako presidentetza duen neurrian, kalifikazio publikoraaren Europako agentzia proposa dezatela, eta diru operazio espekulatiboak mugatzeko neurriak har ditzatela. PSEri eta EAJri eskatu die euren egonkortasun hitzarmena berrikusteko, zerga politika aurrerakoiagoa egiteko.
Ezker Batuak, astelehenerako bilerari begira, errenta altuen inguruan hitz egin du ere, PFEZaren moldaketaz. Mikel Arana koordinatzaile nagusiak zergak aberatsei handitzeko neurriak har ditzan eskatu dio Patxi Lopezi. "PSEk hori proposa dezala, eta EAJk onar dezala, beldur baikara EAJk abiadura handiko trenak aurrera egiteko eskakizuna soilik egingo duela". Hiru diputatu nagusiak EAJrenak dira, eta beraz, gainerako alderdiak ez dira asteleheneko bileran izango.
ekonomia
EAJk ez ditu babestuko Espainiako Gobernuak proposatutako murrizketa neurriak
Jeltzaleen abstentzioa edo ezezkoa jasoko dute Espainiako Gobernuak gastua murrizteko egin dituen proposamenek, baina arduratsu jokatuko dutela esan du Joseba Egibarrek. PSE-EEren arabera, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan neurriok izango duten aplikazioa ez da horren gogorra izango, egoera ez delako Espainiakoa bezain larria. Datorren astelehenean emango du Lopez lehendakariak neurrion berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu