"Euskadirentzat onuragarria" delako, EAJk gastu mugaren aldeko botoa emango du. Aitor Esteban diputatu jeltzaleak atzo aurreratu zuen "erraz" lor zitekeela akordioa, eta halaxe egin dute. EAJk kaleratu duen oharrean "Euskadiko eta Espainiako gobernuen arteko aldebikotasuna finkatu izana" pauso garrantzitsutzat jo du. Iragan maiatzean kupoaren inguruan lorturiko akordioa ere gogorarazi du, eta autonomia erkidegoekin adostu den defizitaren %0,1eko igoera Araba, Bizakai eta Gipuzkoara ekartzeko itxaropena adierazi du.
Gastu muga neurri "tekniko" bat dela eta ez duela inongo "balio politikorik" gaineratu dute jeltzaleek. 2018ko Espainiako Aurrekontu Orokorrei eman diezaieketen balizko babesarekin ez duela inongo zerikusirik azpimarratu dute jeltzaleek, "ezagutu ere egiten ez direlako".
EAJk gastu muga babestearen aurka agertu da EH Bildu. Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak EAJri eskatu dio ez diezaiola "flotagailurik jar PPren gobernuari". EH Bilduk gastu mugaren neurriaren aurka bozkatuko du, "politika sozialetan murrizketak" eragingo dituela iritzita.