Ana Madariaga hautatu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente, hirugarren aldiz. EAJk foru hauteskundeetan 51 batzarkideetatik 22 lortu zituenez, jakina zen ez zuela postua eskuratzeko arazorik izango. Mahaiaren osaeran izan zen, beraz, berri nagusia atzo, Bildu mahaitik kanpo utzi baitzuten, bozetan bigarren indarra izan zen arren.
Mahaiko presidentea aukeratzeko bozketan, Madariagak ordezkari jeltzaleen botoa besterik ez zuen jaso. Hortaz, gehiengo osorik ezean, bigarren bozketan izendatu zuten presidente, 22 batzarkide jeltzaleen aldeko botoekin. Bilduko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek boto zuria eman zuten; 29 boto zuri.
Mahaia osatuko duten gainontzeko lau kideetatik beste bi ere jeltzaleen esku geratu dira, bat PSE-EEren esku, eta bestea, PPren esku.
Presidenteordeak aukeratzeko bozketan, Koldo Mediavillaren alde egin zuten EAJko kide guztiek eta lehen presidenteorde izandatu zuten horrela. PSE-EEkoek eta PPkoek beren botoak Begoña Gil sozialistaren alde egiteko batu zituzten. Bederatzi ordezkari ditu PSE-EEk, eta zortzi PPk. Bilduko hamabi hautetsiek Idoia Erraztiren aldeko botoa eman arren, sozialista eta popularren hamazazpi botoei esker, Gil izendatu zuten bigarren presidenteorde.
Gauza bera gertatu zen mahaiko bi idazkariak aukeratzeko. EAJren 22 botoek Jon Andoni Atutxari eman zioten postuetako bat, eta PSE-EEren eta PPren 17ek, Carlos Olazabal popularrari.
Mahaia osatzeko eginbeharrarekin aurrez osatutako adin-mahaiko presidente izatea Jesus Mari Doistua Bilduko kideari egokitu zitzaion, eta, emaitzen berri ematean, gertatutakoa salatu zuen mahaitik bertatik: «Jakinaren gainean uzten dut Bildu mahaitik kanpo geratu dela, bigarren indarra izan den arren».Ikusleen lekuan zeuden Bilduren gonbidatuek txaloz babestu zituzten Doistuaren hitzak.
Mahaia osatu ondorengo tartean, zuzen jokatu ez izana egotzi zioten EAJri Zuriñe Gaintza eta Joseba Gezuraga Bilduko batzarkideek. Madariagak presidente hautatu ondoren egindako hitzaldian elkarlanerako, bakerako eta normalizaziorako deia egin arren EAJk oso bestela jokatu izana gaitzetsi zuten.
PSEko Iñaki Egañak ere salatu zuen EAJren jarrera, «ahalik eta mahairik pluralena» nahiago zuela zehaztuta.
M22: hauteskunde ostea. Batzar Nagusietako mahaien osaketa
EAJk gehiengoa baliatu du Bizkaiko Mahaian gailentzeko
Mahaiko presidentetza eta beste bi postu hartu ditu alderdi jeltzaleak, eta PSE-EE eta PP batu egin dira, bana lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu