Udal eta foru hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendaburuak aurkeztu ditu EAJk, Bilbon egin duen ekitaldi politikoan. Aurkezpena alderdiaren Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak gidatu du. Haren esanetan, EAJ "eginbeharrak beteta" aurkeztuko da 2019ko maiatzeko hauteskundeetara, eta "herri bakoitzean duen onena" eskainiko die bizkaitarrei.
Bizkaiko ahaldun nagusiaren kargua berriz hartzeko hautagai izango Unai Rementeria. EAJk "talde puska" aurkeztu duela ziurtatu du, "beste inork eskaini ezin duena" eta "Bizkai hobe baten zerbitzura" lan egingo duena. Azken urteetan EAJk era horretan jardun duela defendatu du Rementeriak. "Duela bost edo hamar urte baino askoz ere hobeto gaude", adierazi du. "Botila ez dago ia beteta, gainezka baizik". Nabarmendu duenez, Bizkaiak "egonkortasuna eta oreka" behar ditu datorren urteetan, "urrutira iristeko". Horretarako, EAJ "bermea" da, ahaldun nagusiaren esanetan. "Konfiantza, ilusio eta proiektu bermea".
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea ere egungo karguan jarraitzeko hautagai izango da. Otaduik eskertu egin dio alderdiari berarengan jarritako konfiantza. Azaldu duenez, "ilusioa" du "gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko urratsak egiten jarraitzeko". Otaduik agindu du lan egingo duela Batzar Nagusiak "eraginkorragoak, parte hartzaileagoak eta modernoagoak" bihurtzeko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere hitza hartu du aurkezpen ekitaldian. Bera izango da hurrengo hauteskundeetan EAJren Bilboko zerrendaburua. "Gertutasuna, konpromisoa eta ardura" eskaini dizkie bilbotarrei, eta urteko 365 egunetan hiriaren aldeko lana. Aburtok adierazi du "pertsonak, auzoak eta jarduera ekonomikoa" dituela lehentasun. Bilboren eta Bizkaiaren arteko "batasunak duen garrantzia" ere nabarmendu du. Bizkaiko Aldundian eta Bilboko udalean EAJk gobernatzeak "indartsuago" egiten ditu, haren esanetan.
Bizkaiko hainbat udaletako zerrendaburuek ere hurrengo legealdirako konpromisoen berri eman dute ekitaldian. Barakaldoko, Getxoko, Markina-Xameingo, Bakioko, Lemoako, Arrigorriagako, Zallako, Erandioko, Bermeoko eta Durangoko alkategaiek hartu dute hitza.