Eusko Jaurlaritzak egiten duen soziometroaren arabera, udazkenean egitekoak diren hauteskundeak EAJk irabaziko ditu berriro. Urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra 2.310 herritarri galdera eginda atera dituzten datuen arabera, 24 eserleku lortuko ditu alderdi jeltzaleak, eta Ahal Dugu izango da bigarren indarra, hemezortzi legebiltzarkiderekin. EH Bilduk hamabost eserleku lortuko ditu; PSE-EEk, bederatzi; PPk, zortzi: eta Ciudadanosek, bat.
Datu horien arabera, hiru eserleku galduko ditu EAJk —bana lurralde bakoitzean—, sei EH Bilduk —bina lurralde bakoitzean—, zazpi PSE-EEk eta bi PPk. UPDk galdu egingo luke egun daukan legebiltzarkidea.
Aurreikuspenaren arabera, EAJk sei eserleku (botoen %22,1) lortuko ditu Araban, Ahal Dugu-k bezala (%21,3); PPk, bost (%17,3); EH Bilduk, lau (%17,1); PSEk, hiru (%11,8); eta Ciudadanosek, bat (%5). Bizkaian,hamar legebiltzarkide EAJk (%35,7), sei Ahal Dugu-k (%19,9), lau EH Bilduk (%15,5), hiru PSE-EEk (%11,6) eta bi PPk (%8,7). Eta Gipuzkoan,zortzi EAJk (%28,2), zazpi EH Bilduk (%25,9), sei Ahal Dugu-k (%21,1), hiru PSE-EEk (%12,8) eta bat PPk (%5,3).
Jaurlaritzaren inkestaren arabera, gainera, parte hartzeak gora egingo luke, ia-ia %70era iritsiz.