Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako bozak, EITBren arabera

Jeltzaleek 27 legebiltzarkide lortuko lituzkete, hedabide publikoak eginiko inkestaren arabera. EH Bildu litzateke bigarren indarra, eta Elkarrekin Podemos hirugarrena.

Legebiltzarkideak, ekainean Eusko Legebiltzarrean eginiko saio batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko irailaren 7a
07:35
Entzun

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira eginiko EITB Focus inkestaren emaitzak argitaratu ditu Euskal Irrati Telebistak. Horren arabera, EAJ izango da Eusko Legebiltzarreko indar nagusia, 27 legebiltzarkide lortuta. Amaitu den legealdian lorturiko ordezkari kopuru bera eskuratuko luke, beraz.

Behera egingo lukete orain arte legebiltzarrean ordezkaritza zuten gainerako indar politiko guztiek. EH Bildu bigarren indarra izango litzateke aurrerantzean ere, baina 21 ordezkaritik hamazazpi izango lituzke (-4). Elkarrekin Podemos aurreneko aldiz sartuko da Eusko Legebiltzarrean, eta indarrez egingo du gainera: hamalau legebiltzarkide lortuko ditu, inkestaren arabera.

Berdinduta leudeke PSE eta PP: zortzina ordezkari izango lituzkete. Kolpe handiena PSEk jasoko luke, egungo hamasei ordezkarietatik erdira igaroko litzatekeelako. Ciudadanosek ordezkari bat lortuko luke.

Portzentajeetan, botoen %36,2 eskuratuko lituzke EAJk, EH Bildurekiko hamasei punturen aldearekin (%20,7). Podemosek %18,2 boto lituzke, eta portzentajeetan ere gertu leudeke PSE (%10,7) eta PP (%10,3). Ciudadanosek Araban lortuko luke bere ordezkaria, eta hiru herrialdeetan, %2,7 boto jasoko lituzke guztira.

EAJ, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nagusi

Jeltzaleek hiru herrialdeetan lortuko lukete lehen indarra izatea. Herrialdeka, Araban, zazpi ordezkari lortuko lituzkete jeltzaleek, eta Elkarrekin Podemos litzateke bigarren indarra (5), EH Bildurekin berdinduta. PPk Araban lortuko lituzke hiru herrialdeetan lortutako guztien erdiak (4), eta hiru PSEk. Bat lortuko luke Ciudadanosek.

Bizkaian, EAJk 11 legebiltzarkide lortuko lituzke, eta EH Bildu litzateke bigarren indarra berriro ere (5). Elkarrekin Podemosek (4) aurre hartuko lieke PSEri (3) eta PPri (2).

Gipuzkoan, udal hauteskundeetan lortutako nagusitasunari eutsiko lioke EAJk, bederatzi ordezkari eskuratuta. EH Bilduk zazpi lortuko lituzke, eta Elkarrekin Podemosek, berriz, bost. PSEk bi eskuratuko lituzke, eta PPk ez luke ordezkaririk erdietsiko Gipuzkoan.

2012ko hauteskundeekin alderatuz gero, herrialdez herrialde duela lau urte lortutako emaitzak errepikatuko lituzke EAJk. EH Bilduk bi ordezkari galduko lituzke Gipuzkoan, eta bana Araban eta Bizkaian. PSEk herrialde guztietan egingo luke behera: hiruna gutxiago Araban eta Gipuzkoan, eta bi gutxiago Bizkaian.

Urkulluk balorazio onena

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta EAJko zerrendaburua nahi dute Jaurlaritzako lehendakaritzarako herritarrek (%38). Lehendakarigaiez galdetuta, EH Bilduren kasuan Arnaldo Otegiren inguruan itaundu dute inkestan —inhabilitatu egin dute Otegi—, eta, Urkulluren atzetik, gehien babestutakoen artean bigarrena da (%16,7).

Urkullu da, hain zuzen, balorazio onena jaso duen hautagaia: sei puntu eman dizkiote hamarretik. Hura da bost puntu baino gehiago lortu dituen bakarra. Otegi da bigarrena (4,8), eta Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko hautagaia hirugarrena (4,42).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.