EAJk irailean hasi nahi du «neurri zehatzak» hartzen

Andoni Ortuzarrek adierazi du PSE-EErekin azken legegintzaldian egindako gobernu itunak «ongi» funtzionatu duela.

Ortuzar, joan den ekainaren 30ean, Zumarragan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 14a
12:08
Entzun

Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak «harreman joria» du Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiarekin. «Hitz egin dugu jada», esan du EAJko buruzagiak, gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Bi alderdiek agertu dute EAEko datorren legegintzaldian gobernu ituna berriz baliatzeko asmoa, baina Ortuzarrek nabarmendu du oraindik ez dituztela hasi horretarako negoziazio formalak. «Hauteskundeetako emaitzak behin betikoak direnean ekingo diogu», adierazi du. Hau da, ostiraletik aurrera. Eta Ortuzarrek helburu bat dauka: irail hasierarako Eusko Jaurlaritza osatuta egotea. «Herrialdeak ezin du itxaron. Neurri ekonomiko eta sozial zehatzak hartu behar dira».

EAJk gobernu «indartsu bat» osatu nahi du, Ortuzarren esanetan, eta iruditzen zaio PSE-EEk ere «ikuspegi bera» duela. «Koalizio gobernuak ongi funtzionatu du» nabarmendu du. Negoziazioa ez da zentratuko, EBBaren buruaren hitzetan, sail banaketan. «Egoera politikoa antzekoa da, baina gainontzekoa ez». Pentsatzen du irailetik aurrera «pandemiaren errealitatera» egokitutako «zerbitzu publiko zuzen batzuk» bermatu beharko direla. «Aktore berak gara, baina gauza diferenteak egin behar ditugu».

Gobernu programa horren arabera erabakiko dute, Ortuzarrek dioenez, «nork egin dezakeen hobeto sail bakoitzean, baita nor sentitzen den erosoago erantzukizun horietan». Bi indar politikoek akordio bat lortuko dutelakoan dago. EAJk gora egin du azken hauteskundeetan, eta 31 eserleku atera ditu; 2016koetan baino hiru gehiago, nahiz eta ia 50.000 boto gutxiago lortu. PSE-EEk ere gora egin du boto portzentajean, baina jarleku bakar bat irabazi du; hamar izango ditu, gehiago lortzea aurreikusten zuen arren.

Datorren legegintzaldian «aurrerapauso bat» eman nahi du EAJk, «autogobernuaren kalitateari eta kopuruari» dagokienez. «Horrek bateragarria izan behar du indarrean dagoen legezkotasun printzipioarekin». Proposatu du azken legegintzaldian autogobernu lantaldeko adituek egindako «txostena abiapuntutzat» hartuta, aurrera egitea, «modu adostuan», Gernikako Estatutuaren «erreforman».

Azken lau urteotako «gobernu ardatzetik» haratagoko «oposizio alternatibak» egongo direla espero du Ortuzarrek. EH Bildu izan da hauteskundeetan gorantz gehien egin duen indarra: 2016ko bozetan hemezortzi legebiltzarkide irabazi zituen, eta herenegungoetan 22. Ganberako bigarren indarra da. Ortuzarrek baztertu egin du koalizio independentistarekin akordio bat lortzea: «Oposizioan alternatiba arrazoizko bat baldin badago, guk EH Bildurekin hitz egingo dugu». Abagunea baliatu du mezu bat helarazteko Maddalen Iriarte lehendakarigai izan duen koalizioari:«Ezkerretik pasatu nahiko gaitu, baina [EH Bilduk] ez digu irabazten erabakitzeko eskubidean, ezta politika aurrerakoiak mahai gainean jartzeko orduan».

Ahal Dugu eta gobernabidea

Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiarentzat, «Euskadirentzako aukera onena da» EP Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta PSE-EEk gobernua osatzea. «Zenbakiek ematen dute», adierazi du, gaur, hauteskundeetako emaitzak baloratzeko egindako agerraldian. EP koalizioak danbatekoa hartu du bozetan: 2016koetan, 11 eserleku lortu zituen, eta, oraingoan, sei. Duela lau urte, 157.334 boto lortu zituen, eta, 2020koetan 71.759. Hain zuzen, Garridok gaur plazaratutako mezuan oinarritu zuen kanpaina Miren Gorrotxategi EPren lehendakarigaiak.

Emaitzak gorabehera, hiru indarren artean gobernua osatzeko asmoa «berretsi» du Garridok. Haren esanetan, «lehen pausoa» eman dute, EH Bildurekin eta PSE-EErekin harremanetan jarri baitira jada. Azaldu diete «modu serio eta zintzo batean lan egiteko prestasuna» dutela.

Hauteskundeetan lortutako emaitzak ez dira izan Ahal Dugu-k «espero» zituenak, Garridoren arabera. «Ez dituzte gure espektatibak bete». Uste du, dena den, EPk «egonkortutako zoru bat» duela. Pentsatzen du ez dela «botoen ihes bat» gertatu, baizik eta EP «geldialdi fase batean» dagoela.

Autokritika egin du Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak. «Ahal Dugu-k antolakuntza azpiegitura ahula du. Agian, presaka ibili gara, ez dugu arretarik jarri azpiegitura osatzeko orduan». Garridoren iritziz, horrek kalte egin die azken hauteskundeetan. Nolanahi ere, «ikuspuntu politikotik» indar «fidagarria» direlakoan dago. «Hori ikusi ahal izan da egon garen instituzioetan».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.