Goizean Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak Euskadi Irratian aurreratu duena berretsi du arratsaldean EBBk, Koldo Mediavillak Bilboko Sabin Etxean emandako prentsaurreko baten bidez: EAJk bakarrik gobernatuko du Eusko Jaurlaritzan, "ezin" izan duelako Eusko Legebiltzarreko beste taldeekin koalizio akordiorik lortu.
EAJk 27 legebiltzarkide lortu zituen urriaren 21eko bozetan —38 behar dira gehiengo osoa izateko—, EH Bilduk 21, PSE-EEk 16, PPk 10 eta UPDk 1. Iñigo Urkullu da jeltzaleen lehendakarigaia.
Alderdiaren negoziaziorako batzordearen izenean mintzatu da Mediavilla, seietatik aurrera, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten talde politikoekin eginiko bigarren bilera sortaz balorazioa azaltzeko.
EBBko kideak ez du bilerez "zehaztasunik" eman nahi izan, baina esan du EH Bilduk arlo ekonomikoan euren aldean "muturreko" programa duela, azken 30 urteetan "Euskadin" egindako politikarekin zerikusirik ez duela egitasmo horrek, eta Europan ere "parekorik" ez daukala. PSErekin gobernatzeko moduaz desadostasunak dituztela aipatu du, eta sozialistak gaur egun gehiago ari direla alderdi barrura begirako lanean, herriarengan pentsatzen baino. PPrekin bakegintzaz eta normalizazio politikoaz du desadostasuna EAJk, EBBren arabera.
Ondorioz, EAJ datorren legealdian unean uneko akordioak lortzen saiatuko dela esan du EBBko kideak, eta horretarako "jarrera irekia" izango duela. Adierazi duenez, bileretan talde denek ikusi dute itunen beharra dagoela, eta horiek azkar erdietsi behar dituztela.
Lehengo astean Egibarrek zioen koalizio gobernu bat osatzeak "imtimitate politikoa" eskatzen duela, eta gaur azaldu du ez dela "inolako broma" beste batekin osatzea Jaurlaritza. "Gobernua aurrera ateratzea beharrezkoa da".
EH Bilduk "arduragabekeriaz" jokatzea egotzi zion atzo EAJri, akordioak bilatu beharrean "kromo aldaketa" bat baino nahi ez izateagatik. Akordioak lortzeko borondaterik ez izana leporatu zion EAJri. Rodolfo Ares PSE-EEko hautetsiak ere ostiralean esan zuen EAJk jakinarazi ziola PSE-EEri bakarrik gobernatzeko asmoa.