Foru eta udal hauteskundeak orain egingo balira, EAJ gailenduko litzateke Araban eta Donostian. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak kaleratutako inkestak datozen bozetarako iragartzen dituen aldaketak. Foru eta udal hauteskundeetako boto asmoari buruzko datuak argitaratu ditu Jaurlaritzak. Horien arabera, hauteskundeak orain egingo balira, EAJ izango litzateke lehen indarra Bizkaian (%34) eta Araban (%21) . Gipuzkoan, berriz, EH Bilduren atzetik geratuko litzateke, boto baliodunen % 27,5 jasota. EH Bilduk botoen %29,5 jasoko lituzke.
Hiriburuetako datuak ere kaleratu ditu Jaurlaritzak. Aldaketa Donostian soilik iragartzen du inkestak. Haren arabera, EAJ gailenduko litzateke Gipuzkoako hiriburuan, EH Bilduk bezala zazpi zinegotzi lortuta, baina boto gehiago jasota. Horien atzetik leudeke PSE-EE, laurekin (lehen baino bi gutxiago); PP, hura ere lau ordezkarirekin (lehen baino bi gutxiago); eta Podemos, lau zinegotzirekin.
Bilbon, EAJ litzateke lehen indarra, baina alde txikiagoarekin; 12 zinegotzi lortuko lituzke (egun, 15 ditu). Haren atzetik geratuko lirateke Podemos (5 zinegotzi), EH Bildu (4), PP (4) eta PSE-EE (4).
Gasteizen, azkenik, PPk jarraituko luke lehen indarra izaten, baina orain baino hiru zinegotzi gutxiagorekin (seirekin). Haren atzetik leudeke EAJ eta EH Bildu, haiek ere seina zinegotzirekin; PSE-EE, bost ordezkarirekin, eta Podemos, laurekin.
Eusko Jaurlaritzak otsailaren 9 eta 14 bitartean egin zuen inkesta.