EAJk Parisko eraikina nola erabili erabaki beharko du aurki

Cervantes Institutua atera da jadanik Eusko Jaurlaritzaren egoitza izandako jauregitxotik, eta alokairua pagatzeari utzi dio.

EAJk Parisen duen eraikina utzi du jada Cervantes Institutuak, eta Espainiako bandera kendu dute handik. ISABEL RODRIGUEZ / EFE
EAJk Parisen duen eraikina utzi du jada Cervantes Institutuak, eta Espainiako bandera kendu dute handik. ISABEL RODRIGUEZ / EFE
xabier martin
2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Estatuaren presentziarik ez dago jadanik 36ko gerran Eusko Jaurlaritzaren egoitza hartu zuen Parisko eraikinean. Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikina EAJrena da aurtengo urtarrilaz geroztik, eta hil honetan Espainiako bandera kendu dute handik. Pedro Sanchezen gobernuak eskualdaketa egitea onartu zuen urte hasieran, Memoria Demokratikoaren Legeari jarraikiz, eta Euzkadi Buru Batzarrak «justiziazkotzat eta historikotzat» jo zuen hura itzultzea, «EAJk hainbat hamarkadatan planteatutako bidezko aldarrikapen bat baitzen».

Duela egun gutxi arte, Sabin Etxeko alderdiak alokairu bat jasotzen zuen, Espainiako Estatuaren Cervantes Institutuak Octavio Paz liburutegia izan baitu eraikin horretan: 50.000 liburuko gordailua. Akordioaren arabera, Parisko eremu horretako higiezin merkatuaren araberakoa da alokairu hori, handia, alegia; ez alferrik, eraikina Haussman estiloko etorbide batean dago, Eliseoko Zelaiak, Eiffel dorrea eta Garaipenaren Arkua gertu dituela. Cervantes Institutuak aukera zuen 2030. urtera arte han jarraitzeko, baina uko egin dio horri, eta alokairuaren diru iturria bukatu zaio EAJri. Orain, sinbolismo handiko eraikin horri nola erabili erabaki beharko du EBBk.

Alokairua berriro?

Zenbait tasazio etxeren arabera, Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikinak 15 milioi eurotik gora balio du, eta, beraz, atal ekonomikoari begira, aktibo garrantzitsua bilakatu da jeltzaleentzat. BERRIAk galdetu duen arren, EBBk uko egin dio ezer argitzeari eraikinaren geroaren inguruan. Kontua da etxe horrek mantentze gastuak ere badituela, eta ez txikiak, eta ikusteko dago alokairuaren formula izango ote den irtenbidea aurrerantzean ere.

Zenbait tasazio etxeren arabera, Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikinak 15 milioi eurotik gora balio du, eta, beraz, atal ekonomikoari begira, aktibo garrantzitsua bilakatu da jeltzaleentzat

Bestalde, atal ekonomikoaz harago, erbesteko Eusko Jaurlaritza hartu zuen eraikina da Parisko hori, gerora naziek eta Francoren diktadura faxistak lapurtu zutena, eta balio historiko eta sinboliko handia du. Hala, ezin da baztertu EAJk eraikin hori gune garrantzitsua bihurtzea berriro Euskal Herriarentzat, baina, oraingoz, horrelako asmoen berri ez du eman alderdi jeltzaleak. Era berean, saltzea baztertuta dagoela ematen du, hain zuzen hamarkada askoan exijitu baitu EAJk eraikinaren jabetza, balio historikoari eta sinbolikoari erreparatuta.

Gestapo eta Franco

Parisko eraikin horren eskualdaketa ika-mika politiko handi baten iturri bihurtu zuen PPk urte hasieran, eta EAJrekin orain duen harreman gaiztotua are gehiago gaiztotu zuen. Espainiako Kongresuak hasieran ez zuen onartu jabetza aldaketa babestu behar zuen dekretua, baina Sanchezen exekutiboak formula bat aurkitu zuen eskualdaketa gauzatu zedin.

PPk, besteak beste, PSOEk EAJri egindako «opariaz» hitz egin zuen, eta jeltzaleak inoiz baino gogorrago aritu ziren operazio hori oztopatzen ari zirenen aurka: «Diktaduraren nostalgia duen jarrera batean oinarrituz baizik ezin da ulertu», ziurtatu zuen Estefania Beltran de Heredia senatariak.

Batera edo bestera, EAJren esku dago jada Marceau etorbideko 11.a. Espainiako Gobernuak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen frankismoak EAJri kendu ziola 36ko gerran Eusko Jaurlaritzaren egoitza izandakoa. Ikerketa horretan azaldu zutenez, 1941ean Gestapok hartu zuen beretzat lau solairuko etxea, naziek Paris hartu zutenean. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, Jaurlaritzak etxea berreskuratu zuen tarte txiki batez. Gerrillari talde batek hartu zuen hasieran, eta Xabier Landaburu lehendakariordeak lortu zuen erbesteko gobernuaren eskuetara igarotzea. Harik eta 1951n Frantziako Gobernuak Jaurlaritza kanporatu zuen arte, Francoren gobernuaren exijentzia betez.

Geroztik, Espainiako Gobernuak kudeatu du eraikin historikoa, urte hasieran jabetza aldatu zuten arte; han izan da urte askoan Cervantes Institutua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.