EAJk Sanchezi esan dio inbestidurarako beren botoak behar dituela

Itxaso Atutxak ohartarazi du PSOEren eta Sumarren itunak «eskuduntzak inbaditu» ditzakeela; Maria Txibitek, aldiz, begi onez ikusi du ituna

Itxaso Atutxa, atzo, Portugaleten. BERRIA.
Julen Otaegi Leonet - Irati Urdalleta Lete
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Zeresana ematen ari da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentearen inbestidura eta hura bermatzeko PSOEk eta Sumarrek egin duten akordioa. Atzo goizean, Itxaso Atutxa BBBren presidenteak horixe izan zuen hizpide Portugaleten (Bizkaia) egin zuen agerraldian. Hain zuzen, Sanchezi nabarmendu zion EAJren babesa ezinbestekoa duela: «Pedro Sanchezi gogoratu nahi diogu gure botoak behar dituela, eta, beraz, erantzun behar diela euskal eta kataluniar alderdien eskakizunei». Esan zuen batzuek «musu truk» babestu asmo dutela Sanchez; EAJk ez: «EAJk jarraituko du eskatzen estatu ereduaren erreformari heltzea, Euskadi eta Katalunia nazio baikara».

Kezkak ere adierazi ditu BBBren buruak. Haren esanetan, bi alderdien arteko akordioak bide eman diezaioke «eskuduntzak inbaditzeari»: «Kezkatzen gaitu bankuei eta argindar enpresei ezarri nahi zaizkien zerga horiek ez errespetatzea Ekonomia Ituna eta Ekonomia Hitzarmenaren sistema. Eta kezkatu egiten gaitu akordio horren atzetik agenda propioa inposatzeko ahalegina egoteak ere».

Atutxa ez da izan, ordea, inbestiduraz hitz egin duen bakarra. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteari ona iruditu zaio Sumarrekin hitzarmen bat izenpetu izana, eta babesa adierazi dio Sanchezi berari ere, iritzita «Espainiako bizikidetzaren alde» ari dela betiere, «konstituzioaren markoaren barruan».

«Amnistia defendatzen dut»

PSOEk atzo Batzar Federala egin zuen, eta Sanchez Kataluniari begira jarri zen, Sumarrekin egindako gobernu akordioa ez baita nahikoa izango bera presidente izendatzeko: «Espainiarren arteko bizikidetzaren defentsan, Kataluniako amnistia defendatzen dut gaur». Eta galdera bat egin dio PSOEk militantziari: «Babesten duzu Sumarrekin gobernua osatzeko akordioa eta beste alderdi politiko batzuen babesa lortzea beharrezkoa den gehiengoa lortzeko?». Galdeketa bihar hasiko da, eta larunbatera arte izango dute erantzuteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.